Aitor Manso: "Gogorrak izango dira aurten lehiak"

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 17a, 10:30
Aitor Manso herritarra, podiumean garailearen saria jasotzen. Arg.: A. Manso.

Euskadiko automobilismoko denboraldia hilaren 5ean hasi zen Gabiriako rallysprintarekin. 2022ko denboraldiko sariak ez zeuden banatuak, ordea; hilaren 11n, Azkoitiako Baztartxo antzokian jaso zituzten euren garaikurrak kategoria ezberdinetako gidariak. Aitor Manso herritarrak, esate baterako, mendi igoeren sari nagusia jaso zuen. Lasarte-Oriako gidaria 8. mailako eta Gipuzkoako txapeldun ere izan da. Harekin bildu gara garaikurrak zer suposatzen duen jakin eta denboraldi berriari buru hitz egiteko.

Azaroan Sollubeko proba bertan behera geratu ostean amaitu zen 2022 urteko denboraldia. Baina urte hasiera arte ez dute ziurtatu zu garaile zinenik. Zer suposatu du zuretzat baieztapen horrek?

Alaitasun handia izan zen txapeldun nintzela jakitea. Nahiz eta ez dugun berez irabazi, Joseba Iraolak lasterketa bat gutxiago lehiatu zuen eta horregatik izan gara garaile. Hala ere, sariak aurrera egitera bultzatzen zaitu.

Hilaren 25ean hasiko duzue denboraldi berria Aian. Autoari moldaketarik egin al diozu?

Bai, kotxearen fabrikatzaileak hobekuntza batzuk egin dizkio. Iazko lehiaketako jarduna aztertu eta puntu batzuk hobetzeko zeudela ikusi zuen.

Eta gidatzeko moduan ere aldaketarik egin al duzu?

Bai, noski. Autoaren barruan kamera bat dut eta iazko igoerak ikusten egon gara gidatzeko modua ere nola hobetu dezakegun ikusteko.

Nola ikusten duzu Aiako igoera? 

Hilaren 12an, ibilbidea aztertzera eta proba batzuk egitera joan ginen. Guztia ongi joan zen eta sentsazio onak ditugu. Oraingoz ikusi dugunez, iazko parte hartzaile berek eman dute izena. Beraz borrokatua izango da.

Gainera, Opakuako proba ere apiril hasieran izango dugu. Beraz indartsu hasiko dugu denboraldia.

Aurten ere Joseba Iraola gainditzea izango da zure helburua?

Iraola gainditzea zaila da. Bere ibilgailua gurea baino azkarragoa da, potentzia gehiago du. Baina gertu egotea espero dugu.

Aurten beste gidari batek ere Iraolaren antzeko kotxea izango du, Arkaitz Ordokik. Pilotu horrek autoa ongi menderatu arte aurretik egoteko aukera dugu. Baina gogorrak izango dira aurten lehiak.

Iaz arazo ezberdinengatik proba batzuk bertan behera geratu ziren. Aurten guztiak jokatzea espero duzue?

Pixkanaka ikusiko da hori. Aurtengo proben artean Bergara aldean egiten den Gorla dago kolokan. Errepidea ongi ez dagoela adierazi dute. Ea konpontzea lortzen duten eta proba egin daitekeen.

Iaz lehenengoz Kantabrian lehiatu zinen. Aurten ere Euskadiz kanpoko probaren batean parte hartuko al duzu? 

Bai, aurten ere Espainia mailako probaren bat egin nahi dugu. Oraindik ez dugu zehaztu zein. Baina AutoHebdo Sport aldizkariak pilotu gazteei zuzendutako proba batzuk egingo ditu eta batek sari ederra jasoko du, euren taldeko Espainiako Mendi Txapelketako gidari izatea. Ehun bat pertsona gaude izena emanda eta ikusiko dugu zer gertatzen den.