'Kanpora sartzen' antzezten ari da Intza Alkain lasarteoriatarra

Maddi Zaldua 2023ko mar. 17a, 09:35
Argazkia: EiTB

Legorretan egin dute estreinako saioa, eta iragarri dituzte gehiago ere; tartean, maiatzaren 6an, Lasarte-Orian

Kanpora sartzen obra estreinatu berri du Txalo Produkzioak konpainiak; iragan asteburuan, hilaren 11n oholtzaratu zuten lehenengoz, Legorretako Herri Antzokian. Bertakoa da Xabin Fernandez obraren idazlea. Seropositiboa zela jakin zuen duela hamar urte, hau da, HIESa eragiten duen GIBa (Giza Immunoeskasiaren Birusa)* zuela, eta bizipen horretan oinarrituta idatzi zuen antzerki obra. Idazle lanak egiteaz gain, antzezle ere ari da, baina ez bera bakarrik, berarekin batera ari baita, oholtza gainean, Intza Alkain lasarteoriatarra ere.

Kolore gorriko jantziak soinean agertzen da herritarrak ezenatokian, eta GIBa hezurmamitzen du. Erakutsiko ditu  horrek Fernandezi sortutako barne bizipen guztiak: beldurrak, kezkak, eta abar. Hala azaldu zuen hilaren 14an ETBko Biba Zuek programan, Fernandezekin batera egindako elkarrizketan.

Maiatzaren 6an, herrian
Lehen saioa eta gero, iragarri dituzte gehiago ere,  Zaldibian eta Ordizian, besteak beste. Baina horien artean, Lasarte-Orian ere bai. Maiatzaren 6an izango da emanaldi hori, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan.

 

*OHARRA: Paperezko edizioan informazio hau oker eman da.