Bizikletaren hiri erabileraz ikasiko dute Oriarte Institutuko 192 ikaslek

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 15a, 14:16

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketarako sailak bizikletaren hiri erabilera sustatzeko egitasmo batean parte hartuko dute Oriarte Institutuko zenbait ikaslek. Hiru zatitan banatutako zortzi ikastaro izango dira, eta apirilean egingo dituzte. 

Hala jakinarazi dute, gaur eguerdian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Publiko saileko zuzendari Ander Iturrik, Agustin Valdivia alkateak, eta Txita enpresako ordezkari Harri Zuazok. Aurkezpenean egon dira, baita ere Oriarte Institutuko zuzendari Olga Iribar eta zuzendari orde Diego Lopez ere bai.

DBH 1.mailako 192 ikaslek parte hartuko dute bizikletaren erabilera egokiaz ikasteko ikastaroan, eta guztira zortzi saio izango direla iragarri dute antolatzaileek; Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko ditu horiek.

Egitasmoaren xehetasunak ikastaroak emateaz arduratuko den Txita enpresako ordezkari Harri Zuazok eman ditu. Azaldu du, hiru zatitan banatuko direla saioak. Lehenengoa formakuntza teorikoa izango da; Ikasleek bizikletaren hiri erabileraren gaineko zenbait jakintza barneratu ahal izango dituzte. Bigarrenean, berriz, zenbait ariketa eta jolas egingo dituzte ikastetxeko patioan, bizikletarekin. Baliagarri izango zaie hori ere hirugarren eta azken saiorako; herriko errepide eta bidegorrietan barrera ibiliko dira. 

Ekintzaren helburu nagusia da nerabeei bizikletaren hiri erabileraren gaineko prestakuntza ematea, ez hori bakarrik, ordea. Hirietan bizikletarekin segurtasunez eta errespetuz zirkulatzeko modua barnera dezaten ere nahi dute antolatzaileek. Azpimarra berezia egin dio bigarren xede horri Ader Iturri Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendariak: "Gainerako herritarrekin bizikidetza on bat bermatzeko beharrezkoak diren tresnak eta ezagutzak emango zaizkie. Gure hirietako mugikortasunean kultura-aldaketa bat sustatu nahi dugu". 

Agustin Valdivia alkateak ere hitz egin du, eta esan, udalak interesez hartu duela foru aldundiaren ekimena: "Gazteei bizikleta garraiobide gisa erabiltzeko prestakuntza eta kontzientzia emateko, Lasarte-Orian mugikortasun iraunkorreko beste urrats bat da".

Institutuko ikasleak zein datatan parte hartuko duten ez dute argitu, nahiz eta iragarri duten apirilean izango direla formakuntza saioak; Pazko Astearen ostean. 

Ikastetxea ere gustura agertu da egitasmoarekin, eta, uste du, ikasleek gogoz erantzungo diotela bertan parte hartzeari. Gaineratu dute, gaur egun badituztela ikastetxera bizikletan joaten diren zenbait ikasle.