Mende erdia ospatzen hasiko da Lasartearra elkartea, mus txapelketa batekin

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 15a, 10:54

Lasartearra elkarteak 50 urte beteko ditu aurten, eta urtemuga berezi hori ospatze aldera jarduera bat baino gehiago aurrera eramango du. Iragarri duten lehenengoa mus txapelketa izan da: izena emateko azken eguna apirilaren 14a izango da, ostiralarekin, elkartearen egoitzan bertan, Erribera kalean.

Lehen fasea apirilaren 17tik 23ra arteko astean jokatuko dute, eta hurrengoan, bakoitza aste batean, maiatzaren 27ko final handira arte. Irabazleen saria txapela izango da, 50 aniversario SDGC Lasartearra esaldia brodatua izango duena.

ARAUDIA
  • Txapelketan parte hartzen duen bikote bakoitzean Lasartearrako bazkide batek egon beharko du, gutxienez.
  • Kanporaketa kopurua izena ematen duten bikoteen araberakoa izango da.
  • Izena ematen duen bikote bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu aurreneko partida jokatzen hasi baino lehen.
  • Lau erregetara jokatuko dute, lau amarrekoko hiru usteletara. Berdinketarik badago, hori hausteko beste partida bat jokatuko dute.
  • Izena eman nahi duten herritarrek Lasartearra elkartearen egoitzara joan beharko dute (Erribera kalea, 10). Bertan inprimaki bat topatuko dute; bikotekideek euren izen-abizenak nahiz telefono zenbakiak idatzi beharko dituzte.