LOKEko judokek dominak jantzi dituzte Gipuzkoako txapelketetan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 15a, 12:00
Anne Linazasoro eta Iria Diez infantilak, dominekin (ezkerreko irudian) eta Iker Izquierdo eta "Tato" Kevlisbvili kadeteak (eskubiko irudian)..

Lasarte-Oriako Kirol Elkarteko Judo saileko kideek txapelketaz betetako hilabetea dute martxoa. Maila ezberdinetako txapelketak zein topaketak egin eta hainbat domina eskuratu dituzte

Hilari hasiera emateko, martxoaren 5ean, Erandion jokatu zen junior mailako Euskadi txapelketan izan ziren Unai Guisado, Lucas Morales, Ekhi De La Cruz eta Mario Herrero judokak.

Herriko kirol elkarteko kideek ez zuten euren balioa erakusterik izan eta dominen lehiatik kanpo geratu ziren.

Dominak

Hilaren 11n eta 12an, infantil mailako eta kadete mailako Gipuzkoako txapelketa lehiatu ziren Errenterian eta judoka gaztek hiru domina jantzi zituzten. 

Infantilak lehiatu ziren lehen egunean. LOKEko hiru kide izan ziren lehian eta horietako bi podiumera igo ziren.
Anne Linazasoro txapeldunorde izan zen eta Iraia Diezek, berriz, brontzezko domina lortzeko borroka gainditu zuen.
Iago Herrerok, berriz, bosgarren amaitu zuen lehia.

Egun bat geroago, kadeteen txanda izan zen leku berean eta Iker Izquierdok lortu zuen asteburuko hirugarren domina. Bere mailako hirugarren postua eskuratu zuen; Tarieli Tato Kevlisbvili, berriz, zazpigarren izan zen.

Horrez gain, judo taldeko Ivan Barrentos, Unax Nogales, Sofia Pozo, Ariane Luis Eta Ariana Mendoza alebinek Gipuzkoako eskola kirolako topaketan parte hartu zuten.