Peru Urdanpilletak ezin izan du Trinketeko banakako txapela jantzi

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 15a, 09:00
Urdanpilleta, behean ezkerrean, lortutako trofeoarekin. Arg.: Gipuzkoako Pilota Federazioa

Intza pilota elkarteko kideek hitzordu ezberdinak izan zituzten hilaren 11n eta 12an. Horien artean, jubenil mailako banakako Trinkete txapelketako finala izan zen. Ez da posible izan, Intzako kide Peru Urdanpilletak ezin izan ditu aurtengo trinketeko bi tituluak lortu. Urtarrilean bikotekakoa eskuratu zuen arren, banakakoak ihes egin dio

Finalean Hernaniko Manterola izan zuen aurrez aurre. Hernaniarra nagusi izan zen eta lasarteoriatarrak ezin izan zuen ezer egin. Aurkaria 35-12 gailendu zen.

Jose Felix Solano Intzako arduradunak azaldu digunez, partida hasi eta gutxira, gainera, Urdanpilletak bere denboraldia lausotzen ari den eskuineko eskuko mina jasan behai zan zuen; horrek bere jokoa gehiago murriztu zuen.

Ekialdeko txapelketa

Trinketeko lehiaz gain, Urdanpilletak Haritza Diaz de Gereñurekin batera Udaberri txapelketako jubenil 1. mailako ligaxkari amaiera eman zion. Bikoteak Eibarren aurka jokatu zuen eta aurkariak 12-22 gailendu ziren. Hurrengo fasean Ekialdeko txapelketa lehiatuko dute.

Jubenil bigarren mailako bikoteak ere ez zuen zorterik izan. EPLErekin neurtu zituen indarrak eta lasarteoriatarren akatsek aurkariaren garaipena ekarri zuen, 22-17.

Alebin mailan ere emaitzak ez ziren aldeko izan. Lehen mailakoek 9-16 galdu zuten Txapagainen aurka. Bigarren mailan, nahiz eta Markel Lopez eta Ekhi Maiz ongi jokatu, Añorgako bikotea 16-9 nagusitu zen. 

Bigarren jubenil eta alebin lehen mailako bikoteak ekialde txapelketatik kanpo geratu dira. Lehen faseko bosgarren eta hirugarren sailkatu dira hurrenez hurren euren multzoetan eta ez dute aurrera egingo.