Artisten katalogo bat eratuko du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 14a, 10:20

Edozein diziplina artistikotan aritzen diren herritarren datuak jaso, eguneratu eta katalogo batean bildu nahi ditu Lasarte-Oriako Udalak, helburu honekin: herritarrekin nahiz eragileekin partekatzea, jarduerak antolatzerakoan datu base hori erabil dezaten. Apirilaren 16a baino lehen izena eman beharko dute erregistro horretan azaldu nahi duten artistek, esteka honetan. 

Agustin Valdivia alkateak eta Gazteria, Festak eta Kirolak saileko buru Txus Alonsok aurkeztu dute egitasmoa. Adierazi dute udalak erregistro bat duela egun eta 55 artista ingururen datuak dituztela, aipatu departamentuak aurrera eramaten dituen jardueretarako deitzeko. Gaurkotu egin nahi dute zerrenda hori, eta katalogo itxura eman, lasarteoriatarren eskura jartzeko, norbanakoek nahiz eragileek ekimenak antolatzean kontuan izan ditzaten modalitate desberdinetan lan egiten duten artistak. PDF interaktibo bat izango da, diziplina artistikoetan bereizia, "nabigazioa erraztu eta bilatu nahi dutena erosoago aurki dezaten". Horrez gain, artistak publizitatzeko modu bat dela azpimarratu dute.

Izen ematea, apirilaren 16aren aurretik

Udalak prestatu duen formulario digitalean apirilaren 16aren aurretik izena eman beharko dute interesdunek, arestian aipatu bezala; bestela, katalogoaren hurrengo eguneratzera arte itxaron beharko dute. Baten batek zalantzarik izanez gero, erregistroa.artistak@lasarte-oria.eus helbide elektronikora idatz dezake. 

Alonsok nabarmendu duenez, Lasarte-Orian ekitaldiak antolatzerakoan, "askotan", herriko bertako artistengana jo dezakete bizilagun, eragile eta erakundeek.