Herriaren babesa jaso zuen zaldiko bakartiaren abentura

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 11a, 22:43

Maider Oleagak zuzendutako Kuartk Valley dokumentala izan da Euskal Dokumentalen Zikloko bigarren saioko protagonista. Arabako Kuartango udalerrian western bat errodatzeko ametsa zuen Jose Luis Murgak,  eta Oier Martinez de Santosek zuzendutako Algo más que morir pelikulan gauzatu zuen. Egia bilakatze horretan, ordea, bizilagunen laguntza ezinbestekoa izan zuten. Urtetan luzatu zen egitasmo horren berri ematen du dokumentalak.

Gasteizen hazia bada ere, Oleagak ez zuen Kuartango ezagutzen. Hara joan zen batean lagun batek esan zion bailaran western bat egin zutela eta une horretan "hemen film bat dago" pentsatu zuela gogoratu du proiekzio ondorengo solasaldian. Urte batzuk geroago grabaketa horri buruzko dokumental bat zuzentzeko mandatua jaso zuen. "Nola egin zuten kontatzea nahi zuten. Pertsona baten pedrada, 18 urterekin hasi zen asmoarekin, eta herri horren gaitasuna hori aurrera ateratzeko", laburbildu du. 

Hori buruan zuela 2015ean joan zen lehenengoz Kuartangora, errodajea, berriz, 2018-2019 urteen artean egin zuen. 2021ean Zinemaldian estreinatu zuten. Bailarara joaten hasi zen eta "westerna hor zegoela" ikusi zuen, eurak bakeroen filmetako pertsonaiak direla, eta hori nola filmatu pentsatzen hasi zen. Genero horretako pelikulekin lotura egiten duen elementu asko daude Kuartk Valleyn.

Nola kontatu ez zekiela aitortu du, ez baitzeukan ezer, paisaia eta herritarrak bakarrik. "Prozesua nahiko gatazkatsua izan zen, modu asko pentsatu nituen pelikula kontatzeko". Muga gisa jarri zuen Algo más que morir ez erakustea, baina une batean jabetu zen ezinezkoa zela, horregatik, grabaketako zatiak erabili ditu, kamara martxan dela jasotako zenbait une. "Oso ondo pentsatuta dago planoka eta oso duina da. Oso elementu gutxirekin eta herriaren laguntzarekin egin zuten". Oraingoz ez dago inon ikusgai, nahiz eta Oleagak sarean jartzeko ahokatu dien. "Kostatzen zaie filma erakustea, asko erakutsi dute herriz herri". 

Hain zuzen ere, zuzendariarentzat une politena Kuartangon pelikula ikusi zutena izan zen. "Oso polita izan zen jendeak nola hartu zuen eta zer nolako erantzuna eman zidan. Oierrek esan zuen: Algo más que morir bailara horren erretratu bat da eta pelikula honek historia egiten du, ez handian, herriarentzat baizik". 

Nahiz eta Murgak urtetako ametsa erdietsi, "porrota dauka bihotzean sartuta" uste du Oleagak. "Gazte zela ez zuen ametsa bete eta hori du. Beti izango da zaldiko bakartia". Orain, ordea, asmo berri bat du bakeroak: Erdi Aroko film bat egitea. 

Hurrengo emanaldiak

  • Hilaren 17an, 22:00etan kultur etxean, Izaro.
  • Hilaren 24an, 22:00etan kultur etxean, 918 gau.
  • Hilaren 25ean, 20:00etan kultur etxean, Zumiriki.
  • Hilaren 26an, 19:30ean kultur etxean, Los Xey.