"Honen berri izan dezatela, kanpoko jendeak jakin dezala". Eskaera hori behin eta berriro errepikatzen da jasan dutena azaldu duten emakume sahararren artean. Horri erantzunez Gertatutako guztia argitan jarri. Emakumeen giza eskubideen urraketak. Mendebaldeko Sahara okupatuan (1975-2021) liburua idatzi, eta edukia zabaltzen ari dira Hegoa Institutuko kideak, ostiral arratsaldean Manuel Lekuona Kultur Etxean aurrera eramandako aurkezpenean egin bezala. Ordubete luzez bildutakoa xehatu zuten Irantzu Mendiak eta Gloria Guzmanek, objektibotasuna handiagotzen duten datuak emanez eta haiek gizatasunez betetzen dituzten testigantzen pasarte batzuk txertatuz. Ia bost hamarkadaz luzatu den gatazkaren alde lazgarri honen berri izan asmoz, 25 bat herritar bertaratu ziren liburu aurkezpenera.
Mendiak azaldu duenez, "lotura estua" izan dute urtetan emakume sahararrak laguntzeko sarearekin eta urte horietan "formakuntza, bilera, analisi politiko..." gauzatu dituzte memoria historikoaren gainean. Horren emaitzetako bat En tierra ocupada lana izan zen. Gerora, emakumeen eskaera jaso zuten lurralde okupatuetan dauden emakumeak ardatz zituen txosten bat egiteko, "emakumeak bisibilizatzeko gatazka honetan". Aurreko lanaren ondorioz, zonalde okupatuetan sartzerik ez dutenez, bost emakume sahararrekin –El Ghalia Djimi, Mina Baali, Salha Boutanguiza, Salka Leili, Nassra Dah– prestatu zuten gidoia, eurek egin zitzaten elkarrizketak.
El Aiunera mugatu zuten ikerketa eta 81 emakumeren testigantza lortu zuten. Horiek jaso eta itzulita 600 orri baino gehiago zituzten eta horien analisiaren emaitza da liburua. Jasandako giza eskubideen urraketei buruz galdetzeaz gain, arduradunak nortzuk diren, beraien bizitzan izandako ondorioak, nola aurre egin dioten, salaketak izandako ibilbidea eta erreparazioa zer den beraientzat ere jakin nahi izan dute.
Profila eta urraketa motak
Parte hartu duten emakumeak 12-73 urte artekoak dira, 77 biktima zuzenak eta beste lauak biktimaren baten senidea. %59ak saharar herriaren eskubideen aldeko mugimenduko erakunde batean parte hartzen du. Batez beste, emakume sahararrek euren bizitzan zehar sei-zazpi urraketa pairatu dituzte, askotarikoak izanik:
- %89 bizitzeko eskubidearen urraketa
- %90 tortura fisikoa
- %90 tortura psikologikoa
- %68 sexu indarkeria
- %91 askatasun eta segurtasun pertsonalaren urraketak
- %27 lekualdatze behartuak
- %53 ekonomia eta lan eskubideen urraketa
- %75 eskubide sozialen urraketa (osasuna eta hezkuntza)
- %91 kultura eskubideen urraketa
Hala, atal horietako bakoitzean sartzen diren erasoez gain, jasotako lekukotzen pasarteak ere txertatu dituzte.
Ikertzaileek nabarmendu dute hamarretik zazpitan atera dela indarkeria sexuala. "Oso zaila da horretaz hitz egitea". Uste dute elkarrizketatzaileak emakume sahararrak eurak izateak bestelako esparru bat sortu duela halakoez hitz egiteko, baita gero eta kontzientzia handiagoa dutela "krimen larria " dela.
Emaitza esanguratsuenak gainbegiratu zituzten eta aipagarria da %78ak salaketa jarri bazuen ere epaiketa bakarra ere ez dela izan, hortaz, kasu guztiek zigorrik gabe jarraitzen dute. Erreparazioari dagokionean, eskaera nagusia independentzia da, baita gertatutako guztia ezagutaraztea ere.
Liburua eskuragarri dago Hegoa institutuaren webgunean.