Ikama ikasle antolakundeak goizean salatu du ikastetxeko horma morean beste behin pintaketak egin dituztela eta horri erantzuteko mobilizazioa bat aurrera eraman dute patioan. Horrez gain, elkarretaratzea deitu dute arratsalderako. Okendon bildu dira 19:30etik aurrera eta hainbat herritarrek bat egin dute Eraso matxista, faxista edota homofoboen aurrean borroka feminista zioen pankarta atzean jarrita.
Zenbait minuturen ondoren, Ikamaren adierazpena irakurri du kideetako batek. Halako pintaketak agertu diren hirugarren aldia dela nabarmenduz ekin dio: 2020ko azaroaren 25ean mezu homofobo, matxista eta faxistak egin zituzten, iaz, berriz, nazismoa gehitu eta kideetako bati zuzenki eraso egin zioten. "Gaurkoan: Viva España, Viva Franco, Viva Vox, putas feminazis eta el violador soy yo bezalako mezuekin bete dute gure horma morea". Esaldi horiek Martxoak 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, pasatu berritan egin izana nabarmendu dute, egun hartan Ikamak burututako dinamikei kontrako erantzun gisa, nahiz eta unean ez zuten halakorik jaso. "Argi geratu da oraindik asko dagoela egiteko eta gure inguruko batzuei oraindik ez zaiela gustatzen emakumeak mugitzen ikustea, mezuetan adierazi duten bezala, erasotuak sentitzen direlako haien pribilegioak zalantzan jartzean". Hortaz, gertatutakoa "indarrez" salatu dute "oso mezu kezkagarriak" idatzi baitira eta askok eraso egin dietela sentitu dutelako. "Nazkatuta gaude. Badakigu nortzuk zareten eta ez dugu isilik gelditzeko asmorik. Zuen gorrotoa gure indarra bihurtu da eta inoiz baino indartsuago aurkituko gaituzue", ohartarazi du kideak. Borroka eta autodefentsa feministaren aldeko oihu eta txaloekin amaitu dute ekintza.