Gai zerrenda luzea izan arren, ez dute gehiegi eztabaidatu

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 10a, 14:00

Ohiko bilkura egin du Lasarte-Oriako udal korporazioak. Bederatzi puntu aurkeztu ditu gai ordenan, baina, orokorrean, ez da eztabaida handiegirik sortu. 

Ostegun honetan egin du udal korporazioak hilabete honetako ohiko udalbatzarra. 18:30ean eman dio hasiera saioari Agustin Valdivia alkateak, eta lehen bost puntuak azkar batean landu dituzte, eztabaidarik gabe. Hauek dira landu dituzten gaiak: 

  1. 2023ko otsailaren 9 eta 24an ospatutako bilkuren akten onarpena. Aho batez onartu dute.
  2. 2022ko ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu den dosierraren berri ematea (kreditu gehigarrien 2. espedientea). 
  3. 2022 ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu den dosierraren berri ematea (1. kreditu zabalkuntza). 
  4. Lasarte-Oriako Udalaren 2023ko Literatura Lehiaketaren oinarrien aldaketaren onarpena. Aho batez onartu dute. 
  5. Bateragarritasuna onartzeko eskaera onestea. Aldeko 15 bozka batu ditu (PSE-EEren 8; EH Bilduren 4; eta, EAJren 2) eta ELOPen bi abstentzio ere bai.

Lasarte-Oriako Udalaren 2023ko lanpostuen zerrenda onartzeaz hitz egin dute seigarren puntuan. Bozketa egin aurretik, ELOP alderdiko David Aresek hartu du hitza, eta azaldu, planteatzen diren zuzenketa gehienekin bat egiten duten arren, ez daudela ados proposatzen diren osagarri batzuekin. Gaineratu du, azken horiek "nahikoa justifikatu gabeko gehiegizko soldatak" sortzen dituzte. Iritzi hori kontuan hartuta, azpimarratu du bere alderdia abstenitu egingo dela, nahiago duelako balorazio txostenaren zain geratu. 

EAJko Jon Antxordokik hartu zu hitza gero bozka azalpena egiteko. Ohartarazpen bat egin du, esanaz, bere alderdiak alde bozkatu duen arrean, udaltzainen kabo postuari bigarren hizkuntz eskakizuna eskatu beharrean, hirugarrena exijitu beharko litzaiokeela. EH Bilduko Esti Garmendiak, aldiz, bere alderdiak abstentziora jo izanaren arrazoia azaldu du, argituz lanpostuen arteko erlazio txostenari "hainbat hutsune" ikusten dizkiola.

Bozketa egin dute jarraian, eta honakoa izan da emaitza: aldeko 11 bozka (PSE-EErenak eta EAJren hiru), eta sei abstentzio (EH Bilduren 4 eta ELOPen 2). Hori hala izanik, aurrera egin du gaiak. 

 Bozeramaileen Batzarrak 2023ko martxoaren 8rako EUDELeko adierazpena adostu izanaren kontu ematea egin dute zazpigarren puntuan, eta zuzenean, zortzigarren gaiari eutsi diote. 

Mozio bat ekarri du mahaigainera EH Bilduk. Uxue Loinaz alderdikideak hartu du hitza, eta esan, EUDELen adierazpenaz gain, zaintza zentroan jarriko duen zenbait neurri proposatzen dituen mozioa ekarri duela bilkurara. Honako eskaerak egin dizkio udal korporazioari: 

  • Zaintza mahai bat martxan jartzea. Zaintza sistemari buruzko analisia egin eta honen konpromiso kolektiboari heltzeko estrategia publiko-komunitarioak diseinatzeko eta abian jartzeko elkarrizketarako erabakigune bat. Parte hartu beharko dute, besteren artean: udal teknikari eta kargu publikoek, eragile sindikalek, sozialek, mugimendu feministak eta bestelako herri-mugimenduek ere. 
  • Etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren eredua eta funtzionamendua egokitzea/berrantolatzea eta/edo zabaltzea, identifikatutako beharrei erantzuteko eta lan-baldintzak duintzeko asmoz.
  • Gure udalerriko etxeko langileen egoera identifikatzea eta aztertzea (zerbitzu sozialen eta tokiko kolektiboen bidez), eta haien lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko programa integralak abian jartzea, besteak beste: kontzientziazio kanpainak, etxebizitzarako eta langileen erroldarako eskubidea bermatzeko ekimenak, aholku zerbitzuak martxan jartzea, etab.
  • Zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten komunikazio-kanpainak egitea, erantzunkidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileenak bezalako errealitateak ikusaraziz.
  • euskal Herriko Mugimendu Feministak abiatu duen dinamikarekin bat egitea, hasteko eta behin, Martxoaren 8ko deialdiak babestuz eta herritarrei bertaratzeko deia eginez. Hortik aurrera landuko den prozesuan eragile aktibo bezala parte hartzeko eta ardurak hartzeko konpromisoa adierazten dugu.

Gaiak ez du aurrera egiterik izan, bozketak aurkako eta abstentzio iritzi gehiago bildu baititu, aldekoak baino. Hau izan da alderdien jarrera gaiarekiko: PSE-EE aurka (8 bozka); EH BIldu eta ELOP alde (6 bozka); eta, hiru abstentzio (EAJ).

Galdera eta erreguak 

Bi galdera eta eskaera bat jaso ditu udal gobernu taldeak. Lehenengo biak ELOPek egin ditu; Oporrak Bakean programari buruz galdetu du David Ares alderdiko kideak, eta, gobernu biltzarra deitzeko asmorik ba ote den galdegin du Miguel Angel Tolosak. EAJko Estitxu Alkortak, berriz, eskari bat egin du. Udaleko jakinarazpenak bere postara bidal diezazkioketen jakin nahi izan du, erakundekoak ez diren beste ordenagailuetatik horietara sarbiderik ez duela argituz.