Beatriz Egizabal: "Sinesten dut jendaurrean egiten dena eraldatzailea izan daitekeela"

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 10a, 09:48

Argazkia: Beatriz Egizabal

BEATRIZ EGIZABAL - BAKARRIZKETARIA

Sortzaile lasarteoriatarraren 'Magma Mia' azken obra ikusteko aukera izango dute herritarrek. Manuel Lekuona Kultur Etxean taularatuko du, hilaren 16an, 19:00etan

Egizabal Ollokiegi (Lasarte-Oria, 1971) herritarra; Magma Mia izena du sortu duen azken bakarrizketak, eta hori erakusten ari da han eta hemen. Hogeita hamar saiotik gora eskaini ditu dagoeneko, eta, hil honetakoekin ere pilatuko ditu gehiago; hamazazpi saio iragarri ditu 29ra bitarte. Horietako bat, Lasarte-Orian izango da, gainera. Datorren ostegunean, hilak 16an arituko da Manuel Lekuona Kultur Etxeko oholtzan, 19:00etan, eta bertara joateko sarrerak, hilaren 13tik aurrera erosi ahal izango dituzte herritarrek. "Oso pozik" dago orain arteko bidearekin; hala adierazi du bere lanaz galdetzeko txintxarri-k egindako elkarrizketan.

'Magma Mia' bakarrizketa taularatuko duzu, herrian, hilaren 16an. Zer topatuko du ikus-entzuleak? 
Ikusarazi nahi dut zein zaila egiten zaigun sistema patriarkala  identifikatu eta zer den ulertzea;  egunerokotasunean nola baldintzatzen gaituen patriarkatuan bizitzeak. Zentroa, norma gizonezkoa, heteroa eta zuria da, bera da prestigioa zein pribilegioak dituena, eta horrek zer suposatzen duen azalduko dut; nola eraikitzen diren maskulinitatea eta feminitatea, eta horrek dauzkan eraginak.

Nola sortu duzu azken lana? 
Bakarrizketen bidea Ane Labaka Mayoz herritarrekin hasi nuen,  Erradikalak gara eta Erradikalak ginen lanekin. Oso eroso sentitzen dut nire burua formatu horretan, eta hortik jarraitzea erabaki dut. 
2021. urteko Feministaldirako bakarrizketa bat eskatu zidaten, eta gaur egungo Magma Mia-ren hazia hor dago. Laburragoa zen ordukoa, egin beharreko saio hura motzagoa zelako, baina oinarria hor dago. Gerora, Lasarte-Orian beste saio luzeago bat egiteko eskaintza jaso nuen eta hor garatu nuen hasierako kontakizun hura.

Izenburu eta afixa iradokitzaileak ditu obrak. Nola erabakitzen da sorkuntza lan bat iragartzeko izenburua?
Cesarri [Cesar Marcos bere bikotekide eta lankidea] zor diot hori. Feministaldia La Palmako (Kanariar Uharteak)  sumendiaren leherketa gertatu zen garai berean egin zen. Magma hitza behin eta berriz entzuten genuen, eta txantxa artean "magma mia" gora, eta "magma mia" behera hasi ginen, konturatu ginen arte edukiari izenburu hori bikain zetorkiola. Uste dut garrantzia berezia duela lan honetan.

Afixa ere beste protagonistetako bat da. Hori ere Cesarrek egina, eta oso ondo irudikatzen du  Magma Mia sortzea eragin duen hausnarketa: Haserre nago, sutan nago, irakiten nago...presio gehiegi eta zulo guztiak itxita mantentzeko hezi naute. Sumendia lehertzear dago...

 

"Sormen lana feminista bihurtzea hautu politiko bat da"

 

Feminismoaren begiradatik sortu duzu azken lan hau ere.
Argitu nahi dut ez dudala feminismoaz hitz egiten; kontatu nahi dudanari ikuspegi hori jartzen diot. Noski, nire aukera bizitza hortik aztertzea da, mundua hortik begiratu nahi dut. Hori horrela izanik, erakutsiko dut zahartzarora bidean dagoen emakume bati nola eragiten dion sistema patriarkalak. Feminista bihurtzen da lana, bai, baina begiradak egiten du hori hala izatea. Sormen lana halakoa bihurtzea hautu politiko bat da, bai, ez da oharkabean gertatzen den zerbait. Nire egunerokoa begirada horretatik aztertu nahi dut, horri arreta jartzen ez badiogu, ez baita ikusi ere egiten.

Gaineratu nahi dut, feminista ez den guztia patriarkala dela gutxienez, sexista, eta inork ez duela hala katalogatzen hori delako norma. Guk egiten duguna, berriz, feminista gisa izendatzen da etengabe. Oso kolonizatuta daukagu pentsatzeko era eta ez gara konturatzen.

Publikoarengan eragin bat sortzea bada 'Magma Mia'-ren helburuetako bat? 
Bai, bada helburuetako bat. Dena den, azpimarratu nahi dut bakarrizketak maila paretsuan dauden bi xede nagusi dituela. Alde batetik, ikus-entzuleek barre egitea. Oholtza gainean umorea ezinbestekoa da niretzat; hor nago erosoen, nahiz eta presioa ere eragiten didan horrek, ikus-entzuleek barre egin behar baitute. Bestalde, bilatzen dut publikoak hausnarketa egitea ere bai. Badakit nire lanekin ez dudala iraultzarik egingo, baina publikoak pentsaraztea lortzen badut, ni pozik. Hitza hartu eta zerbait esateko dudan aukera aprobetxatu nahi dut.

Jendaurrean erakusten den sorkuntza orok mezu bat du beti. Hori izango da zabaltzen duenaren araberakoa, eta sinesten dut eraldatzailea izan daitekeela. Oholtza gainean ari denak erantzukizuna hartzen du; ez dago obra neutrorik. Berriz ere arestian aipatutakora noa, baina gertatzen da feminista eta antiarrazista denari berehala eta etengabe jartzen zaizkiola etiketak, eta kontserbadorea edo zuria dena, berriz, ez da katalogatzen, neutroa kontsideratzen delako.

Publikoak hausnarketa egin duen jakitea zailagoa izan daiteke, baina barreak entzuten al dira agertokitik? 
Bai, barre egin du publikoak. Aitortu behar dut, jendeak ni haserretzen naizen uneetan egiten duela gehien; haserre umoretsua izaten da hori ere, noski, kritikoa.

 

"Jendaurrean erakusten den sorkuntza orok mezua du beti" 

 

Oholtzak eskaintzen dizu umorea bizitzeko espazioa?
Bai, erabat. Nire egunerokotasunean, oholtzatik at ez dut hainbeste kanporatzen umoretik, bizirauteko estrategia bat da. Gauzak ikusteko beste modu bat da, bizipenekiko beste perspektiba bat ematen dit. Horrek ez du esan nahi arazo baten momentu latzenean barrez lehertzen naizenik; momentu zailetan zuloan sentitzen naiz, baina hortik irteten naizenean, bizitakoari umorez begiratzea lortzen badut, listo. Hori hala izan dadin asko laguntzen dit taulagainak; hor sentitzen dudan boterea lagungarri zait aurrera egiteko.

Saio sorta ederra datorkizu hil honetan, baina, dagoeneko eskaini dituzu hainbat emanaldi.  Zer-nolako harrera izan du ikus-entzuleengan?
31 saio egin ditut jada, eta oso pozik nago; hil honetako  emanaldien zerrenda ikustea besterik ez dago bide onean goazela berresteko. Ahoz ahokoa bikain funtzionatzen ari da. Jakin dut jendea behin baino gehiagotan  joan dela Magma Mia ikustera, eta herri jakin batean ikusi dutenek beste lekuetan gomendatzen ari direla; bultzada ikaragarria ematen dit horrek.

Honen harira, gogoeta bat egin nahi dut. Martxoan gizonezko sortzaileek lan egiten dute? Susmoa dut baietz, eta orduan,  jakin nahiko nuke, urteko gainerako hilabeteetan, guk, emakumeok zergatik izaten dugun eurek baino aukera gutxiago.

Manuel Lekuona Kultur Etxeko oholtza gainean arituko zara hilaren 16an. Berezia da jaioterrian aritzea?
Hala da, bai. Lasarte-Orian maitatua, zaindua sentitzen naiz. Herrikideekin lan egiteko aukera izan dut [Ane Labaka Mayozekin eta Intza Alkain Ibargurenekin, besteak beste] eta hori zoragarria da. Zirrara berezia sorrarazten dit ezagutzen nauen jendearen aurrean aritzeak, nahiz eta horrek presio puntu bat ere eragiten duen nigan. Atsegin dut etxean aritzea.

 

*OHARRA: Egizabalek datorren ostegunean Manuel Lekuona Kultur Etxean emango duen saiora joateko bi sarrera eskura ditzakezu. Horretarako martxan dugun lehiaketan parte hartu baino ez duzu egin beharko. Bi sarrera bikoitz zozkatuko ditugu; parte hartzaile guztien artean bi, eta, beste bi, galdera guztiak zuzen erantzun dituztenen artean. Animatu eta parte hartu!