Partida garrantzitsuari sendo egin zion aurre Kadete Errendimendu taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 9a, 15:00

Neurketa zailari egin zion aurre Ostadar SKTko kadete errendimendu taldeak hilaren 4an, Maialen Chourraut kiroldegian. Eskoriatzaren aurka neurtu zituen indarrak talde urdin-beltzak

Jonatan Reino entrenatzaileak adierazi moduan, "maila bereko taldea da eta guri ongi ez datorkigun jokoa egiten du; baloia mugitzen du asko eta kanpoko jaurtiketetan ere fin".  Gainera, joaneko neurketan aurkariak bederatzi punturengatik garaitu zuen.

Horrez gain, etxeko taldeak garaipena lortu behar zuela ere azaldu du prestatzaileak, "multzoko bigarren mantentzeko  eta igoera lortzeko beharrezkoa genituen puntuak". 

Eta hori guztia buruan izanik, Ostadarreko kadeteek ez zuten  hutsik egin.

Partida gogorra eta berdindua jokatu zuten bi taldeek. Hasieratik Ostadarrek aurre hartu zuen eta 4-6 puntuko aldea mantendu zuen neurketa osoan zehar.

Eskoriatzak erasoko estrategia aldatu zuen behin baino gehiagotan etxeko taldeari min egin nahian. Kanpokoen ahaleginak alferrikakoak izan ziren, ordea; Ostadarrek sendo  jokatu zuen. Kadeteek ez zuten gorabeherarik izan eta aurkariak aldea murrizten zuenean, talde urdin beltzeko jokalariek ongi erantzuten zuten. 

Horrela jokaldiz jokaldi aldea pixka bat handitzea lortu zuen Ostadarrek eta 57-48 gailendu zen.

Partida biribila

Reino entrenatzailearen ustetan, orokorrean neurketa biribila egin zuen taldeak: "Hitzordua ederki, ezustekorik gabe gainditu genuen. Garrantzitsua zen gorabeherarik gabeko partida egitea eta bikain jokatu ziren gure jokalariak".

Garaipenaren gakoa defentsan egindako lanean egon zela nabarmendu du prestatzaileak: "Defentsa ona dugu eta neurketan fin ibili ziren gure jokalariak; aurkariari kosta egin zitzaion bere jokoa egin eta baloia mugitzea".

Erasoan ere espero baino hobeto jardun zirela onartu du: "Baja garrantzitsua izan genuen, sukarrarengatik jokalari batek ezin izan zuen jokatu eta horrek eragina izango zuela uste genuen. Ez zen horrela izan. Beste jokalari batzuk, barnekoak batez ere, pausoa eman zuten aurrera eta poztekoa da".