Aurretik joan arren, berdinketarekin konformatu behar izan zen Eguzki Isu Leihoak-ek

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 9a, 10:30

Eguzki ISU Leihoak taldeak puntua lortu zuen Gipuzkoako 2. mailako Ligan. Etxeko taldeak eta Jaixkiareto Futbol Klubak neurketa borrokatua jokatu zuen hilaren 3an, Maialen Chourraut kiroldegiko kantxan eta bosna berdindu zuten

Jon Arocenak zuzentzen duen taldeak sendo hasi zuen norgehiagoka eta gola egingo zuela zirudien. Erasoan izandako akats batek, ordea, egoera aldatuko zuen; aurkariak baloia eskuratu eta gola egin zuen.

Kolpea jasan arren, Eguzki ISUko jokalariek ez zuten amore eman eta borrokan jarraitu zuten markagailuari itzulia eman arte.
Bigarren zatian, 25 minutu falta zirela, markagailua 4-1 zegoen. Jaixkiaretok atezain jokalaria atera zuen eta gutxira bigarren gola sartzea lortu zuen aurkariak. 

Etxekoen bosgarren gola etorri zen jarraian erantzun modura eta neurketa irabazia zegoela zirudien. 

Alabaina, nekeak eta jokalari baten kaleratzeak etxekoen jarduna baldintzatu zuen. Eguzki ISU taldeko entrenatzaileak azaldu modura, "atezain jokalaria gaizki defendatu genuen". Aurkariak ongi baliatu zuen etxekoen ahulgunea eta beste hiru gol egin zituen neurketa berdinduz.