Lasarte-Oriako Mugimendu Feministako kideek, ehunka herritar atzean zituztela, mezu garbi bat helarazi dute: kapitala erdigunetik bota eta zaintza zentroan jartzea dela haien apustua. "Elkarrekiko zaintza bai, baina baita sistema oso baten oinarri sendo moduan ere". Hori eta beste hamaika aldarri zabaldu dituzte lau haizetara, gaur arratsaldean aurrera eramandako manifestazio jendetsuan.
Okendo plazatik irten, eta ohiko ibilbidea egin dute: Kale Nagusian aurrera egin Largoenea kaleko biribilgunean buelta eman arte, Tajamar biribilgunea inguratu, Hipodromo etorbidetik jaitsi, Geltoki kalea igaro eta Okendora berriro. Horrenbeste herritar elkartu dira, ezen horrelako ekintzei amaiera emateko egin ohi duten korroa formaz aldatu behar izan duten. Udaletxera begira jarri dira manifestariak, antolatzaileek balkoian proiektatu duten irudiari so: Denon bizitzak erdigunean irakur zitekeen, manifestazioaren leloa.
"Bizitza bizigarrien alde" borrokan
Mugimendu feministako kideek manifestu bat irakurri dute, manifestazioan parte hartu duten herritarrei eskerrak eman eta gero. "Urte osora begira" lan egiten dutela esan dute, xede garbi batekin: kapitala erdigunean duen sistema heteropatriarkala "goitik behera" aldatzea. Izan ere, nahi dute denon bizitzak erdigunean egotea: bisexual, lesbiana, trans, ez bitar, arrazializatu, migrante, adin txikiko, adineko eta aniztasun funtzionala dutenenak. Halaber, lanean ari diren emakumeak ere zentroan jarri nahi dituzte, "indarkeriarik gabeko bizitzak" nahi dituzte, hori merezi dutelako. "Bizitza bizigarrien alde borrokatzen dugu".
Hori erdiesteko, berebizikoa iruditzen zaie kapitala erdigunetik bota eta zaintza zentroan jartzea: "Pandemiak eta harekin batera lehertu diren askotariko krisiek agerian utzi dute ezinbestekoa dela hori bizitzak sostengatzeko; elkar zaindu gabe, ezin da".
Zaintza lan horiek denak, ordea, feminizatuak izateaz gain, "ikusezinak eta prekarioak" direla salatu dute. "Kolektibizazioa eskatzen dugu ezaugarri horiekin guztiekin amaitzeko; nahi dugu zaintza lanen balioa handitu eta prefesionalizatzea, nahi dugu autonomian oinarritutako sistema bat". Bestela esanda, zaintzarako eskubidea aldarrikatu dute.
Bidenabar, adierazi dute zaintza erradikala dela, arrazoi hauengatik: proposatzen duelako mundu ikuskera berri bat, anbizioa duelako kapitala erdigunetik baztertzeko, eraikitzen dituelako gizarte egiturak kolokan jarriko dituen sare berriak.
Greba orokorrarekin bat
Amaitzeko, antolatzaileek aurreratu dute bat egingo dutela Euskal Herriko Mugimendu Feministak iragarri duen greba orokorrarekin –data aurrerago zehaztuko dutela esan dute–, "krisi hau ez delako konpontzen azaleko soluzioekin". Herriko eragileko kideek irmo adierazi dute kaleak hartzen eta borrokatzen segiko dutela. Gero eta herritar gehiago alboan badituzte, hobe: horregatik, lanuzte horretan parte hartzeko deia egin diete Okendon bildu direnei. "Greba feminista egingo dugu gure aldarrikapenak are gehiago entzun daitezen eta sistema honek funtzionatzen ez duela erakusteko".
"Gora borroka feminista!" oihukatu, eta txalo zaparrada batekin amaitu dute manifestazioa, baina ez egin asmo duten gainerako guztia. "Bidean ikusiko dugu elkar", adierazi dute.