Texas Lasartearraken erregionalak mamuak uxatu eta Alleru garaitu zuen kopan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 9a, 09:45

Texas Lasartearra CFko erregional taldeak kopako jardunaldia jokatu zuen hilaren 4an, Michelin kirol gunean. Allerru KE izan zuen aurrez aurre eta 4-1 gailendu zen etxeko taldea

Yonatan Monroy entrenatzaileak azaldu duenez, neurketa erraza espero zuten: "Aurkariak ez du garaipenik eskuratu denboraldi osoan". 

Lehen zatian nagusi izan Texas Lasartearra. Atzean sartu zen aurkaria eta baloiaren jabetza etxeko taldearena izan zen. Baloia mugitzen, hutsuneak bilatu eta erasoak ongi antolatu zituzten zuri urdinek. Gol aukera ugari izan arren, baloia behin bakarrik sartu zen atean.

Markagailuaren mugimenduak erantzuna izan zuen eta Allerruk presioa igo zuen. "Ordura arte, gure zain zeuden eta erritmo lasaia zegoen. Presioa aldatu eta lehen momentuan, izualdi txiki bat izan genuen.Gure jokalariei kosta egin jokatzea, baina egoerara moldatu eta aurrera egin genuen," azaldu du Monroyk.

Hala ere, atsedenaldian Beti Onaren partidako mamua zuela onartu du Texaseko prestatzaileak: "Nahiz eta nagusi izan, ateari begira ez ginen fin ibili. Eta azkenean gol batengatik neurketa galdu genuen".

Hori dela eta, indartsu hasi zuen talde zuri urdinak bigarren zatia eta fruitua lortu zuen, bigarren gola. 

Bi eta hutsekoak lasaitasuna eman zion etxeko taldeari eta beste beste bi gol ere egin zituen.

Eta azken minutuetan, akats baten ostean, etorri zen aurkariaren gol bakarra.

Multzoko buru
Garaipenari esker, lehen multzoko buru da Texas Lasartearra, baina Monroyk azaldu modura, "kopa irabaztea ez da helburua oraingoz". 

Erregulartasuna lortzea du buruan Texaseko prestatzaileak: "Urtean zehar gorabeheratsu izan da taldearen jarduna. Azken bi neurketetako maila ona izan da, baina bi neurketa galdu eta sailkapenean behera egiten duzu azkar".

Horregatik geratzen diren fase honetako neurketak banan-banan gainditzeko lan egingo du Monroyk eta lesionatuak dituen jokalariak osatzeak ere xedean laguntzea espero du.

YouTube kanala

Bestalde, Texas Lasartearra taldeak @texaslasartearra Youtube kanala berriro ere martxan duela jakitera eman du bere sare sozialen bitartez. Kanalean azken asteetan maila ezberdinetan jokatutako neurketen laburpenak daude ikusgai.