ESKUALDEA

60 lagunek eskuratu dute gidabaimena euskaraz 2022an, Buruntzaldean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 8a, 13:39
Eskualdeko Euskara Zerbitzuetako ordezkariak, Usurbilen, zozketaren egunean. Argazkia: Usurbilgo Udala.

Iaz gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz gainditu zutenen arteko zozketa egin dute Buruntzaldeko udaletako Euskara Zerbitzuetako ordezkariek, eta datuak eman: 60 pertsona animatu dira azterketa hizkuntza horretan egitera. Aurten ere martxan dago Gidabaimena Euskaraz egitasmoa; maiatzean, 18 urte betetzen dituzten lasarteoriatarrek gutun bat jasoko dute etxean. Euskara Zerbitzuek eta eskualdeko zenbait autoeskolek antolatzen dute, elkarlanean.

Bederatzi ikasle saritu dituzte; horietako bakoitzak 400 euro irabazi ditu, gidabaimenaren atal teorikoa prestatzeko egindako gastua berreskuratzeko. Hauek dira saridunak: 

  • Andoain: Mirene Iraola eta Jon Mugica.
  • Astigarraga: Danel Soraluce.
  • Hernani: Eider Goikoetxea, Garazi Sarriegi eta Manex Usarraga.
  • Lasarte-Oria: Sara Etxeberria.
  • Urnieta: Ekain Etxeberria.
  • Usurbil: Elorri Armendariz.

Zazpi autoeskolak parte hartu zuten iaz: Otamendi, Hernani, Lagunak, Bengoetxea, Mendi, Mugica eta Solozabal. Atal teorikoaren azterketa euskara egin zuten 60 ikaslek gainditu zuten.

Aurtengoa, martxan

Eskualdeko ordezkariek jakinarazi dute abian dagoela aurtengo egitasmoa. Parte hartzeko baldintzak hauek dira: eskualdeko herriren batean erroldatuta egotea eta gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz gainditu izana Buruntzaldeko autoeskolaren batean, 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.

Eskualdeko udalak eta autoeskolak 2010ean hasi ziren gidabaimena euskaraz ateratzea sustatzen; ordutik, 1.252 izan dira hautu hori egin duten ikasleak. Helburua da Buruntzaldeko herritarrak tramite hori egitera animatzea, gazte gehienek D ereduan ikasten badute ere ikasketa prozesua gaztelaniaz egitea aukeratzen dutelako gehienek. 

Goi Mailako ziklo bat Don Boscon

"Pozarren" daude Buruntzaldeko udaletako Euskara Zerbitzuak, jakin dutelako Errenteriako Don Bosco ikastetxeak Goi Mailako Ziklo bat sortu duela autoeskoletako irakasleak prestatzeko, D ereduan: eskola teorikoak nahiz praktikoak emateko aukera izango dute. "Uste dugu datozen urteetan zentro gehiagok eman ahalko dutela zikloa, eta horrek erraztasun handiagoak emango dituela gidabaimena euskaraz ateratzeko".