Etorkizuneko xake jokalariak fin lehiatu ziren

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 8a, 11:45

Lasarte-Oria, Andoain, Billabona, Hernani eta Urnietako xake jokalari gazteek Danok Kideren Blas de Lezoko lokala bete zuten hilaren 3an. Eskolarteko banakako Gipuzkoako txapelketako sailkapen saioa jokatu zen Lasarte-Orian

Bi maila ezberdinetako –   alebin eta benjamin – gaztetxoak lehiatu ziren. Taula Xake Klubeko mahaietan etorkizuneko xake jokalariak trebeak direla erakutsi zuten eta lehiaketarekin zer ikusia duten hainbat protokolo ere ikasi zituzten, hala nola, hasieran aurkariari eskua eman edo erlojua nola erabili.

Jokalari bakoitzak launa neurketa jokatu zituen eta lortutako puntuen arabera erabaki zen sailkapena. Lehen hirurak Patxi Arzallus, Adrian Pozo eta Aimar Brosa izan ziren, hirurak alebin mailakoak. 

Azken jardunaldia 

Egun bat geroago Taula Xake Klubeko kideen txanda izan zen.  Martxoari hasiera emateko Lasarte-Oriako taldeak KBI Zumaiako B izan zuen aurrez aurre. Taulako kideek – José Ignacio Echeverria, Juan Figueras, Alejandro Sanchez eta 
Juan Luis Varela – ederki gainditu zituzten zumaiarrak hiru norgehiagoketan; laugarren taulan Zumaiako kideak eraman zuen puntua, ordea.

Eskuratutako hiru puntuei esker, Taulako kideak sailkapeneko hirugarren postuan daude bigarren den KBI Zumaiako Btik puntu erdira. 

Aldea txikia da eta ligako azken jardunaldia, hilaren 11n, zirraragarria izango da. Zumaiako B taldeak buru den Txaturanga du aurkari eta horretaz baliatuz, Lasarte-Oriako taldeak bigarren postua lortzeko puntu adina eskuratu nahi ditu Hondarribia Marlaxka Dren aurka. Lortuz gero, euren helburu den igoera gertuago izango du Lasarte-Oriako taldeak.