Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak RTk lehen zatiko aldea mantenduz garaipena lortu du

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 8a, 11:00

Euskal Ligako jardunaldiaz gozatu ahal izan zuten errugbiko zaletuek hilaren 4an, Michelin kirol gunean. Ohorezko B mailako Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak RT eta Nerbioi UBR taldeek neurtu zituzten indarrak. Beltzek eraman zuten garaipena, baina ederki borrokatu behar izan zuten 

Lehen zatia nagusitasunez hasi zuen etxeko taldeak eta 19 tanto egin zituen jarraian. Horietako batzuk, Jokin Beloki eta Jon Ibisate herritarrek egin zituzten. Bilbotarrek ez zuten amore eman, ordea; beltzen erasoak guztiz geratu eta atsedena iristerako hamalau tanto lortu zituen.

Bigarren zatia, aldiz, borrokatuagoa izan zen bi taldeek aurkariaren entsegu marra igarotzea lortu zuten, baita gauzatzeak egitea ere. Beltzek ozta ozta aldea mantentzea lortu zuten. Beloki herritarrak azken minutuan lortutako zigor kolpeak garaipena eman zion etxeko taldeari.

Harrobia ere fin

Zarautzen 16 urtez azpiko taldeak Domiberia RC Rioja 12 taldearen aurka jokatu zuen eta nagusitasunez gailendu ziren beltzak, 57-5.

Igandean, aldiz, Beltzak zein Zarautz taldeetako eskolek topaketa izan zuten Arrasaten. 10 eta 12 urtez azpiko gaztetxoek Arrasate, Txingudi, Rioja eta Berako taldeekin bat egin eta neurketa ezberdinak lehiatu zituzten.