Sanpedrotako omendua aukeratzeko parte hartze prozesua abiatuko du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 7a, 17:55

Aurtengo San Pedro Jaiak diseinatzeko lanetan ari da Lasarte-Oriako Udala. Jakinarazi du parte hartze prozesu bat abiatuko duela, festetako omendua aukeratzeko. Horrela, lasarteoriatarrek aitortza hori merezi duen norbanako edo eragilea proposatu ahalko dute; hilaren 13tik apirilaren 2ra izango dute horretarako aukera

Egitasmo horren berri eman dute Agustin Valdivia alkateak, Nagore Duran Parte Hartze saileko zinegotziak, eta Txus Alonso Gazteria eta Festak arloko batzordeburuak. Iragarri dute datorren astean, hilaren 13tik aurrera egin ahal izango dituztela herritarrek euren proposamenak. Aurten, gainera, alor horretan berrikuntza bat dakar parte hartze prozesuak. lasarteoriatar bakoitzak, gaurtik aurrera, bere etxean jasoko duen orria postontzi jakin batzuetan utzi ahal izango du (Emakumeen Zentroa, kultur etxea, Gaztelekua, udaletxeko arkupe zaharrak edo kiroldegia), eta, orain arte ez bezala, iritziak sarean ere emateko aukera izango du (horrela egin nahi dutenek, udalaren web atariaren bidez, www.lasarte-oria.eus, egin beharko dute). Bi eremu bete beharko dituzte proposamena egin nahi dutenek. Alde batetik, omendua izatea nahi duten norbanakoaren edo eragilearen izena zehaztuko dute, eta, bestetik, hautagai hori zergatik aukeratu duten arrazoitu beharko dute. Azken erabakia udal gobernu taldeak hartuko duela nabarmendu dute. 

Parte hartze prozesu honekin batera, sanpedroak herritarren iradokizunekin batera diseinatzeko helburuarekin, beste bi parte hartze prozesutan parte hartu ahal izan dute lasarteoriatarrek. Horietako batean, egitaraua osatu dezaketen euskal musika taldeak, nazio mailakoak, eta musika taldeak ez diren bestelako jarduerak (antzerkiak, jokoak, eta abar) proposatu ahal izan dituzte. Iritzi ugari jaso ditu udalak: 194. Horiek aztertzen ari dira orain, ikusteko zeintzuk diren egingarriak eta zeintzuk ez.  

Bestalde, udal ordezkariek gogorarazi dute herriko jaiak iragarriko dituen afixa aukeratzeko lehiaketa ere martxan dagoela; hilaren 20ra arte dago diseinuak bidaltzeko aukera.