ESKUALDEA

Eskualdeko lehen indarra izatetik "oso gertu" dagoela nabarmendu du LAB sindikatuak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 7a, 11:31
Legorretako batzarreko irudi bat. Argazkia: LAB sindikatua.

Hilabete hasieran Buruntza-Goierriko ordezkarien batzarra aurrera eraman du LAB sindikatuak, Legorretan. Datozen hilabeteetarako plangintzan jasota dituen gai nagusiez jarduteaz gain, hauteskunde sindikalen epealdi trinkoko urte amaierako datuak jarri dituzte mahai gainean. Buruntzaldeako argazkia hauxe da: 192 delegatu eta ia %32ko ordezkaritza izatetik 225 delegatu eta %36,47ko ordezkaritza izatera igaro dira lau urtean; igoera %4,58koa izan da. Eskualdean bigarren indarra izaten jarraitzen badute ere, aldea "oso txikia" dela azpimarratu dute sindikatuko kideek, "%1 baino txikiagoa".

Epealdi trinko hori lau urtetik behin tokatzen zaie sindikatuei, eta ordezkaritza gehiena irailetik martxora arte berritu behar dute. LABen kasuan, Hego Euskal Herriko errepresentazioaren %56. Urte amaierako itxiera datuak "oso garrantzitsuak" direla adierazi dute sindikatukoek, data horretako delegatu kopuruaren arabera finkatzen delako ordezkaritza portzentajea. 

Buruntza-Goierri osotasunean hartuta, emaitza "oso onak" erdietsi ditu LABek: iazko abenduaren 31n 556 delegatu eta %38,64ko ordezkaritza izan dute, eta duela lau urte, 493 delegatu eta %30,36ko orezkaritza. Hortaz, %8ko igoera izan dute. "LAB izan da delegatu kopuru eta portzentajean hazten bakarra", jakinarazi dute sindikatu horretako kideek. 

Ia 6.000 langile gehiago

Zonalde horretako datuen berri emateaz gain, LABeko kideek balioan jarri dituzte afiliazio datuak: azken lau urteetan 6.000 langile gehiagok bat egin dute haiekin. "Horietatik %43,58 dira emakumeak". Sindikatu horrek 47.742 afiliatu ditu gaur egun, 2018an baino %13,97 gehiago. 

"Argi dago gero eta langile gehiagok bat egiten dutela LABen proiektuarekin eta borroka egiteko moldeekin", esan dute. Eskerrak eman dizkiete bozka bidez babesa eman dieten behargin guztiei eta hautagai izatea erabaki dutenei ere bai. "Euskal Herri osoko langileentzako sindikalismo independentista eraginkorrena garatzeko konpromisoari eusten diogu. Zuekin, bagara!". 

Erlazionatuak