Buruntzaldea IKTko gaztetxoek marka pertsonalak ondu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 7a, 11:00

Tolosako saioan parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko benjaminak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea Igeriketa Kirol Taldeko alebin zein benjaminek ligako jardunaldi berria lehiatu zuten Tolosako Usabal kiroldegian hilaren 4an

Benjaminak izan ziren lehenak  igerian egiten Test KZL Ligako saioan. Txikienek, 2013 eta 1014 urteko haurrek, tximeleta estiloko bi probari egin zieten aurre; Axel Fuertesek 25 metrokoa eta Irai Ormazabalek 50 metrokoa. Eta biek Igartza taldeko hiru neska eta mutil batekin 6x25 m. erreleboan parte hartu zuten.

Helduxeagoek – June Apeztegia, Aiala Erro, Aitor Ormazabal eta Oier Ormazabal – lau estiloetako 100 metroko eta estilo libreko 400 metroko saioetan egin zuten igeri. Ander Martinez kideak izan ezik, gaztea lau estiloetako 100 m. eta 200 m. libre probetan lehiatu zen. Mutilek lau estiloetako 4x50 m. erreleboa ere jokatu zuten Hernani KEko kideekin batera.

Guztiak ederki moldatu ziren eta Aiala Errok Gipuzkoako txapelketa jokatzeko beharrezkoa den gutxieneko bi marketatik lehena lortu zuen, 400 m. librea.

Markak ontzen

Alebinek, aldiz, euren ligako bosgarren jardunaldia izan zuten.  Iñaki Garcia, Oihan Matute, Mario Amantegi eta Kimetz de la Cruz gazteek 1.500 libre eta 200 m. bular probak jokatu zituzten.

Distantzia luzeko saioan guztiek hobekuntza nabarmenak egin zituzten; Garciak Euskal Herriko txapelketarako marka lortu zuen (19.49,87) eta Matute (19.59,47) eta Amantegi gertu izan ziren (20.00,43). Bular estiloko proban ere guztiek markak ondu zituzten.

Itxaso Iparragirrek, aldiz, 100 m. libre eta 200 m. bizkar probak lehiatu zituen. Lehen postuetan izan zen bietan – hirugarren eta bigarren izan zen hurrenez hurren –  eta bere markak hobetu zituen. 

Buruntzaldea IKTko alebinak ederki moldatu ziren Tolosako jardunaldian. Arg.: Buruntzaldea IKT.