Esan bezala, aurtengo zikloa Ainarak-ek irekiko du ostiral honetan, hilak 10. Emanaldia kultur etxeko auditorioan izango da, 22:00etatik aurrera. Sarrerek 6 euro balio dute eta areto horretako leihatilan nahiz Kutxabank Sarrerak atarian eros daitezke.
Juan San Martin eta Ritxi Lizartzak zuzendutako ikus-entzunezko horren protagonistak Nafarroatik Zuberoara (Maule hiriburura, konkretuki) espartingintzan aritzera joan ziren milaka emakume dira. Anne Etchegoyen kantautorearen eskutik ezagutuko dute ikus-entzuleek behargin horien istorioa: 1870etik 1940ra aritu ziren, espartinak egiteko fabriketan. 12 urtetik beherakoak askotan, familia nahiz jaioterria utzi eta lanera joaten ziren. Urte bakoitzeko urriaren 7an abiatzen ziren eta udaberriko elurrak urtu arte ez ziren itzultzen; urtaroei lotutako migrazioa izaki eta beltzez jantzita joaten zirenez, Ainarak deitzen zieten.
Bost dokumental gehiago
Aipatutako ikus-entzunezkoaz gain beste bost dokumental proiektatuko ditu Okendo Zinema Taldeak hilabete amaierara arte:
- Hilaren 11n, 20:00etan kultur etxean, Kuartk Valley.
- Hilaren 17an, 22:00etan kultur etxean, Izaro.
- Hilaren 24an, 22:00etan kultur etxean, 918 gau.
- Hilaren 25ean, 20:00etan kultur etxean, Zumiriki.
- Hilaren 26an, 19:30ean kultur etxean, Los Xey.
Emanaldi horietako guztietako sarrerek ere 6 euro balio dute eta kultur etxeko leihatilan nahiz Kutxabank Sarrerak atarian eros daitezke.
