Festa eguna izan du gaur Semblante Andaluzek

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 5a, 19:27

Ohorezko topa asteartean egin ondoren, ohi bezala, iganderako utzi dituzte ekimen nagusiak elkarteko kideek. Meza, bazkaria eta musika izan dituzte horretarako bide.

Zumaburuko Arantzazuko Ama parrokian meza rocieroa eginez hasi dute eguna. Eliza ia bete da elizkizuna eta Semblante Rocieroko lagunen kantak entzuteko. Erregu eta eskaintzetan ere parte hartu dute, eta hildako bazkideei nahiz 30 urteotan elkartearen alde egin dutenei eskaini diete meza.  Otoitzarekin tartekatu dituzte zenbait abesti, amaierakoa, noski, Salve rocieroa izan da. Ondoren, Duende taldeko lau neskatok dantzatu dute. 

Eguerdian, Atsobakarreko egoitzan batu dira bazkideak elkarrekin bazkaltzeko. Ordua baino lehen bertaratu dira asko eta otordua hasi aurreko minutuetan dantza eta kanta aritu dira atarian. Bazkideez gain, udal ordezkariak gonbidatu dituzte eta Jesus Mari Adan elkarteko lehendakari berriarekin batera eseri dira mahaira Agustin Valdivia alkatea, David Ares, Estitxu Garmendia eta Jon Antxordoki. Adanek ongietorria eman eta festa ona opa egin die bazkideei, alkateari hitza eman aurretik. Honek, gonbita eskertzeaz gain, "Andaluziari eta udalerri honetara etorri ziren andaluzei" ere eskerrak eman dizkie "euren ahaleginarekin udalerri hobea egin zutelako".

Bapo jan ondoren, dantza egin ohi dute. Aurten, ordea, talde bat gonbidatu beharrean, egiten duten lana erakutsi nahi izan diete etxekoek etxekoei. Hala, Semblante Rocieron girotu du arratsaldea, mezetan edo ekitaldietan izaten dutena baino tarte zabalagoa baliatuta.