Gaur goizean, asteazkeneroko azoka eguna baliatu du Elkarrekin Lasarte-Oria Podemosek lehen informazio postua jartzeko. Bertan izan dira alderdi horrek datozen hauteskundeetarako aurkeztu duen alkategai Miguel Angel Tolosa eta David Ares, eta beraiekin izan da, baita ere, Miren Echeveste Elkarrekin Podemosek Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko aurkeztu duen hautagaia.
Herritarrei harrera egin eta eurekin hitz egin ostean, adierazpenak egin dituzte Tolosak eta Echevestek. Azaldu dute lantzen ari direla hauteskunde programa, baina hori osatzeko garrantzitsua dela herritarren proposamenak biltzea. Ahalik eta ahots gehien jaso nahi dituztela azpimarratu dute, eta, gaineratu horrek ahalbidetuko diela ahalik eta herritar gehienengan iritsiko den programa anitzagoa osatzea: "Ezinbestekoa da gizartearen beharrak jasotzen dituen programa bat edukitzea".
Eskuorriak, etxez etxe
Lasarteoriatarrek etxeko postontzietan jasoko dute eskuorri bat. Bertan alderdiak hauteskundeei begira eskuartean duen programaren ardatz nagusiak zeintzuk diren ikusi ahalko dute, eta hor agertzen den QR kodeak, ekarpenak sarean egiteko aukera ere izango dute. Horrez gain, informazio puntuekin jarraituko dutela ere ohartarazi dute, eta gogorarazi du alderdiaren egoitza nagusietako ateak herritarrentzat zabalik daudela.