Zenbait dirulaguntza eskatzeko epea ireki du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 1a, 13:48

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du 2022ko Kultura eta Hezkuntza jardueretarako zein 2023ko Inauterietarako dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik duela. Hala argitaratu zen otsailaren 24ako GAOn, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean

Kultura eta Hezkuntza aroloko dirulaguntzen eskabideak nahiz justifikazio kontuak aurkezteko azken eguna 2023ko apirilaren 12a izango dela ohartarazi du erakundeak, eta azpimarratu, data hori igarota aurkeztutako eskabideak ez direla onartuko. Aurten, salbuespen gisa, eskabidea eta justifikazioa egun berean aurkeztuko dira, 2022. urteari dagozkion dirulaguntzak baitira eta urte hori amaituta baitago.

Sail horretako diru laguntza sortak bi lerro dituela argitu du udalak. Kultura sustatu eta zabaltzera 9.637,46 euro bideratuko ditu, eta, eskolaz kanpoko jarduera edota hezkuntza izaerako jarduera osagarrien programetara, berriz, 20.000 euro.

Inauterietako dirulaguntzen eskabideak zein justifikazio kontuak, berriz, martxoaren 24ra arte entregatu ahal izango dituzte interesdunek. Kasu horretan ere, ez dituzte onartuko epez kanpo egindakoak, eta aurten, salbuespen gisa, eskabidea eta justifikazioa egun berean aurkeztuko dira, Inauteriak jadanik igaro baitira. 13.542, 85 euro bideratuko dituzte arlo horretara.