Buruntzaldea IKTko Garciak eta Zudairek ederki egin diete aurre euren hitzorduei

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 1a, 10:40
Buruntzaldea IKTko IƱaki Garcia, Oviedoko igerilekuan. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko Iñaki Garciak eta Nahia Zudairek hitzordu garranzitsuak izan dituzte otsaileko azken asteburuan. Garcia gaztea Euskadiko Selekzioarekin lehiatu da Erkidego Autonomikoen arteko Espainiako Txapelketan, Ovierdon, Asturiasen; Zudaire, berriz, AXA Ligako bigarren jardunaldian egin du igeri Marllorcako Palman, Balear Uharteak

Iñaki Garcia alebinak erronka handia izan zuen Erkidego Autonomikoen arteko Espainiako Txapelketan. Sei probatan parte hartu zuen Buruntzaldea IKTko igerilari gaztea: banakako lau (estilo libreko 100 m., bizkar estiloko 100 m. eta 200 m. eta 200 m. lau estilo) eta bi errelebo.

Saio guztietan ederki moldatu zen Garcia. Bakarkako lehiatan hiru marka pertsonal ondu zituen: 100 m. eta 200 m. bizkar estilo, 1.05,63 eta 2.22,97, hurrenez hurren; lau estiloetako 200 metroetako proban, 2.30,11. Estilo libreko 100 metrokoan ere denbora hobetzeko gertu izan zen; bere onenetik lau ehunekotara geratu zen 59,56 eginez.

Marka pertsonal horiek gainera taldeko 14 urteko errekor berriak dira, baita 100 m. bizkar probako 50 metroko pasean lortutako 31,88 marka ere. Buruntzaldea IKTko prestatzaileek nabarmendu dutenez, "errekor horietatik esanguratsuena, markagatik beragatik baino gehiago zeukan antzinatasunagatik, lau estiloetako 200 metrokoa da. Aurreko errekorra Iñigo Ibarburuk 2011 urtetik baitzeukan lortuta".

Horrez gain, taldeko entrenatzaileek jakitera eman dute, bai 100 m. librean baita bizkar estiloko 100 eta 200 metroetan ere Alebin mailako Espainiako Txapelketarako gutxienekoetatik hurbil izan dela.

Txapelketako sailkapen orokorrean hamabigaren izan zen Euskadi; hamabigarren izan zen emakumezkoetan eta harmargarren gizonezkoetan. Txapelketa inklusiboan, aldiz, Euskadi hamargarren izan zen.

Puntuak batzen

Mallorcako Palman, Balear uharteetan IV Open Nacional de Natación Adaptada - Illes Balears lehiaketa jokatu zen. Buruntzaldea IKTko Nahiz Zudairek Igeriketa egokitutako AXA Ligako sailkapenean puntuak gehitzea zuen helburu eta horrela izan zen. Zudairek lau proba lehiatu zituen: 200 m. lau estilo, 50 m. libre, 100 m. bular eta 50 m. tximeleta.

Nahia Zudaire, proba bat hasteko zain. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Parte hartzaile kopurua zela eta, estilo libreko 50 metroko sailkapen proba gainditu behar izan zuen gazteak eta 34,46ko markarekin A finalerako txartela lortu zuen. Finalean, aldiz, bere marka pertsonala berdintzeko zorian egon zen eta 33,62 eginda bigarren amaitu zuen proba.

Lau estiloko 200 m. saioan ere bigarren izan zen, 3.00,77 markarekin. 100 m. bular (1.43,24) eta 50 m. tximeleta saioetan, aldiz, garaile (37,75) izan zen.

Hurrengo hitzorduak

Martxoaren 4an, bi hitzordu izango dituzte Buruntzaldea IKTko txikiek, Tolosako Usabal kiroldegian: KZL/Test Ligako 4. jardunaldia eta Alebin Ligako 5. jardunaldia.

Zaharren mailan, alebinak, 1500 m. libre, 200 m. bular proba eta lau estiloetako 100 m. erreleboari egingo diote aurre mutilek eta neskek, aldiz, 200m. tximeleta eta bizkar probei.

Benjaminek ere adinaren arabera proba ezberdinak jokatuko dituzte. A mailekoek 25 m. eta 50 m. tximeleta probak eta 6x25 m. bular erreleboa mistoa; B mailekoek, estilo libreko 200 m. eta 400 m. probak, 100 m. lau estilo eta 4x50 m. erreleboa.