Ohorezko ardoarekin topa egin dute Andaluziaren Egunean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 1a, 10:12

Rebujitoz betetako edalontzia altxa, eta Andaluziarengatik nahiz Euskal Herriarengatik topa egin zuten atzo Semblante Andaluz elkartearen egoitzan elkartu ziren dozenaka lagunek, Andaluziaren Egunean. 

Topa egin eta mokadutxo bat jateaz gainera, Semblante Andaluzeko kideek atzoko ekitaldia baliatu zuten zuzendaritza aldaketaren berri emateko. Juan Navarro orain arteko lehendakariak Jesus Mari Adan-i eman dio lekukoa. "Urte honetan zuzendaritzan aritu garenok badakigu zenbateko lana ematen duen elkartea kudeatzeak, sartu diren bazkide berrien alboan egongo gara", adierazi zuen Navarrok. Bazkideez gain, udal korporazioko hainbat kide bertaratu ziren ospakizunera. 

Andaluziaren Eguna asteartea izan denez aurten, jarduera nagusiak igandera pasa dituzte antolatzaileek. Hau izango da egitaraua:

  • 11:30ean, Arantzazuko Ama parrokian, meza rozieroa. Semblante Rociero koruak eta Duende dantza taldeak girotuko dute elizkizuna.
  • 14:30ean, Semblante Andaluz elkartearen egoitzan, bazkideen bazkaria.
  • 17:30ean, Semblante Andaluz elkartearen egoitzan, Semblante Rociero koruaren emanaldia. 
Erlazionatuak

Mokadutxo bat, Andaluziaren Eguna ospatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2023 mar 01 Kultura