Jakingo duzuen bezala, hainbat jarduera izan genituen gure herrian Inauteriekin lotuta. Aste guztian zehar hilaren 18rako girotu nahian hainbat ekimen antolatu zituzten.
Ostegunean hasi zen festa, hilak 16: Udal Musika Eskolak emanaldi bikaina eskaini zigun, eta bertan Oriarte ikastetxeko ikasle ugarik hartu zuen parte.
Ostiralean txikienek beraien eskoletan mozorro festa izan zuten, eta arratsaldean Okendo plazan scape room bat izan zen, eta azkenik gazteentzako festa, DJ eta guzti.
Larunbatean herriko kaleak pelikula ezberdinez mozorrotutako herritarrez bete ziren. Goizean konpartsak bildu eta txarangek giroa alaitu zuten.
Herri bazkaria ere izan genuen eta bazkalostean faktoriako gazteek bingo dibertigarri bat antolatu zuten sari bikainekin.
Arratsaldean konpartsa eta koadrilek desfilea egin zuten Lasarte-Oriako kaleetatik barrena, eta giro bikaina izan zen bertan. Azkenik, gauean, gazteenek DJ batek jarritako musikaz gozatu zuten.
Igandean ere beste jarduera batzuk izan genituen, eta astelehenean inauteriei bukaera emateko sardinaren hiletan bildu ginen.
Giro bikaina
Oriarteko ikasleok ere euskaraz, irudimenez eta umore onez inauterietako ostirala ospatu genuen, hilaren 17a. Dantzen zein abestien bitartez giro ederra sortu zen institutuaren bi egoitzetan eta hainbat ekintza antolatu zituzten gazteontzat. Mila kolorez jantzi zen institutua eta giro bikaina izan genuen. Irakasleok nahiz ikasleok festa giroan murgildu ginen.
Landaberrin mozorro desfile ikusgarriak eta hamaiketakoa egon ziren, eta Larrekoetxen ere jarduera piloa antolatu ziren.
Giroa berotzen hasteko Euskara Batzordeko kideek lip dub-a antolatu zuten. Oriarten beste hainbat alditan grabatu izan ohi da, eta oraingo ikasleek ilusio handiz itxaron dute hau grabatzeko eguna. Beraz, hirugarren orduan lip duba egiteko prestaketetan hasi ginen, eta entsegu batzuen ostean lortu genuen azkenean grabatzea. Zetak taldearen Itzulera eta Rude Girl abestien doinuarekin Oriartekoek institutuaren inguruan lekukoa eraman genuen eta bideo itzela osatu genuen denon artean, laster argitaratuko da emaitza Youtube-n eta TXINTXARRI-n.
Ondoren, kirol desberdinen lehiaketak antolatu ziren, eta giro ederra sortu zen kirolaren eta mozorroen artean, honela gela guztien artean saskibaloi, sokatira, txinga… Taldeak osatu eta txapelketa polit bat izan zen patioan.
Bestetik, Just dance-n jolasteko aukera ere izan genuen gimnasioan; eta ez hain kirolarientzat, zinema, bingoa, mahai jokoak eta karaokea.
Ekimen guztien tartean DBH 4. mailako eta latineko Batxilergoko ikasleak ibili ziren buru-belarri ikas bidaiarako dirua lortzen. Esaterako, patioan txokolate eta bizkotxoa saltzen aritu ziren, zineman krispetak saltzen eta urte osoan zehar ere tortilla saltzen aritu dira atsedenaldietan. Latineko ikasleak Erromara joateko asmoz ari dira dirua biltzen eta DBH 4koak, berriz, ez omen dute erabaki nora joan oraindik, baina entzun dugunez Saloura joateko intentzioa dute.
Inauteriekin jarraituz gela bakoitzean mozorrotzeko gai bat adostu eta esketx txiki bat prestatzeko eskatu zitzaien irakasle eta ikasleei, honela institutuko gela guztien parte hartzearekin lehiaketa bat antolatu genuen ikastetxean. Ezkontza bat, olinpiadak, spa… Denetarik izan genuen gurean. Gainera, irakasleak ere animatu ziren eta mozorro oso originalak ikusi genituen. Hala nola, Ingeleseko mintegikokoak zirkoz mozorrotu ziren. Beste mintegietan ere jantziak bikainak izan ziren, Matematikakoak Pitagoras eta bere jarraitzaileez, Kimikakoak taula periodikoz, Geo-Historiakoak rockeroz, Euskarakoak Salvachaileak izeneko superheroiz eta abar.
Horrekin guztiarekin egun ederra pasa genuen, eta honela bide eman genion asteburuan etorri zitzaigun trakari. Asteburu luzean inauteriez gozatu genuen, eta asteartean eguneroko bizimodura itzuli ginen.