Gorka Redondo infantil mailako prestatzailearen hitzetan neurketa borrokatua izan zen: "Nahiz eta jokalari nahiko justu iritsi ongi egin genion aurre Eraini".
Aurkariak aurre hartu zuen eta horri erantzunez, joko sistema moldatu zuen etxeko taldeak, atezaina jokalari jarri zuen Redondok. Arriskutsua izan daitekeen arren, aldaketak indar gehiago eman zion erasoan etxeko taldeari. Lehenik aldea murriztu eta gerora neurketa hiruna berdintzea lortu zuen. Azken minutuan, aldiz, Erainek garaipenaren gola egin zuen.
Hala ere, Eguzkiko entrenatzaileak azaldu modura, lehen fasea amaitzeko jardunaldi bat falta den arren, igoerako faserako sailkatua dago herriko taldea: "Ez genuen ezer jokoan. Matimatikoki igoerako ligaxkarako sailkatuta ginen neurketa jokatu baino lehen".
Lasarte-Oriakoa ez da talde bakarra, sailkapeneko lehen lau taldeak dagoeneko hurrengo faserako txartela eskuratu dute. Beraz, Eguzkirekin batera Erain Txindoki 1º 2º ESO, Antiguoko KE Clin. Dental Goyeneche eta Lauburu KE Ibarra izango dira igoerako lehian.
Euskadiko Selekzioarekin
Denboraldi honetan egiten ari diren lanaren fruitu ezberdinak jasotzen ari da infantil mailako taldea eta horietako bat da, 16 urtez azpiko Euskadiko Selekzioaren deialdia. Eguzkiko bost jokalarik – Mario Amantegi, Markel Rodriguez, Aratz Fuentes, Axular Miguelez eta Danel Rios – entrenamendu saio ezberdinetan parte hartzeko aukera izan dute.