Urdanpilletak eta Hernaniko Manterolak jokatuko dute Trinketeko finala

Txintxarri Aldizkaria 2023ko otsailaren 28a

Intzako Urdanpilleta (ezker) eta Diaz de GEreñu (eskuin) taldeko arduradun Jose Felix Solanorekin, finalerdia jokatu baino lehen. Arg.: Intza KE.

Intza Kirol Elkarteko pilotariek binakako Udaberri zein Errendimenduko jardunaldiei aurre egiteaz gain, hitzordu garrantzitsua izan zuten banakako trinketeko lehian, finalerdia. Peru Urdanpilleta eta Haritza Diaz de Gereñuk elkarren aurka jokatu eta lehenak lortu du finalerako sailkapena

Intzako kide Urdanpilletak eta Diaz de Gereñuk indarrak neurtu zituzten finaleko atarian. Lehenak neurketa ederra egin zuen. Nahiz eta Diaz de Gereñu tantoak egiten saiatu, Urdanpilletak ez zion aukerarik eman taldekideari eta 35-8 irabazi zuen lehia.
 
Finalean Hernaniko Manterola izango du aurrez aurre. Intzako kidearen antzera, hernaniarrak norgehiagoka guztiak irabazi ditu txapelketan eta ez zuen finalerdirik jokatu, aurkaria Cestau agertu ez baitzen. Hitzordu gogorra espero dute Intzako kideek.
 
Txikiek garaipena
Errendimendu mailako Ekialdeko txapelketan, aldiz, 1. mailako zein 2. mailako alebin bikoteek ederki gainditu zituzten euren aurkariak.
 
Bigarren mailako Markel Lopezek eta Ekhi Maizek Gaztelekuko Larrañaga eta Lete bikotearen aurka erdietsi zuten garaipena (16-9) Michelin kirol guneko pilotalekuan. Intzako kideek ongi jokatutako lehia izan zen. Hasieratik hartu zuten abantaila eta aurkariak eraso egin zuenean alebinek euren aldea ongi mantentzen jakin zutela azpimarratu du Intzako arduradun Jose Felix Solanok.
 
Itxaso Iparragirrek eta Oier Jauregik gogor borrokatu behar izan zuten lehen mailako neurketan. Gaztelupe 2 13-18 garaitu zuten.
 
Udaberriko txapelketan, aldiz, 2. mailako jubenilek lehen fasea amaitu dute. Azken aurreko jardunaldia jokatzen zen arren, Intzako bikoteak atseden du asteburu honetan eta porrotarekin esan dio agur Udaberri txapelketako lehia nagusiari. Beñat Olazabalek eta Pedro Eloseguik jardun gorabeheratsua izan zuten. Oiarpeko Hevia eta Lasa bikoteak ederki baliatu zituen lasarteoriatarren hutsuneak aurre hartu eta 22-9 garaitzeko. Ekialdeko txapelketa jokatu dute martxoatik aurrera.
 
Lehen mailako Urdanpilletak eta Diaz de Gereñuk, aldiz, atsedena izan zuten. Txapelketa amaitzeko bi jardunaldi falta zaizkie eta Ataun eta Eibar izango dituzte aurkari. Sailkapenean azken postuan dauden arren, hurrengo bi asteetan postuak igotzen saaituko dira. Bai Ataun baita Eibar ere puntu batera baititu Intzako bikoteak.