Dispertsioaren ondorioak gogoan izan dituzte Azken Ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 24a, 21:19

Larunbaterako antolatu duten Dispertsioaren Egunaren aurretik, otsaileko Azken Ostirala egin dute gaur iluntzean. Ohi bezala, Elizatze eta Okendo plazak lotu dituen mobilizazioa egin dute. Lehenik, Etxeratek eta Sarek egindako irakurketa partekatu dute, eta amaieran, biharkoan parte hartzeko deia luzatu dute. 

Euskal Herriratuta presoen eta haien ingurukoen egoera hobea da. "Egoera hau esfortzu eta lan handiaren emaitza da, eta, batetik, eragile politiko eta sozialen lan bateratuaren eta erakundeen erabakiei esker lortu da, baina, batez ere, Euskal Herriko herri eta auzoetako pertsona askoren lan nekaezinari eta euskal gizartearen mobilizazioari esker lortu da, noski." Aurrerantzean ere mobilizazioa eta lana "ezinbestekoa" izango da salbuespen politika gainditu eta etxeratzea lortzeko. 

Otsailean aurrerapauso berriak eman direla nabarmendu dute: hirugarren gradu berriak, baten baten berrespena eta baldintzapeko bi askatasun. Alabaina, kendu egin dira onetsitako bi gradu ere: Asier Karrerak eta Ainhoa Barbarinek Martuteneko espetxera bueltatu behar izan dute. "Argi dugu hurrengo hilabeteetan gure aldarrikapen nagusienetako bat izango dela".

Horrez gain, otsailean gogoan izan dituzte sakabanaketaren ondorioz errepideko istripuetan hildako hamasei lagunak, artean, Iñaki Balerdi eta Argi Iturralde. Urruntzearekin amaituta, helburua euskal presoei legedi arrunta aplikatzeko akordioak bilatzen jarraitzea da eta akordio horietan presoen eskubideak errespetatzearen alde dauden pertsona guztiak elkartzea.