Oroitza eta aldarrikapena uztartu ditu Dispertsioaren Egunak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 25a, 21:09

Lasarte-Oriako Presoen Aldeko Batzordeak Zuen indarrak argi egiten du gugan leloaren inguruan antolatutako egun osoko egitarauaren bidez, euskal presoei ezarritako dispertsio politika "hiltzailea" dela salatzearekin batera, Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi gogoratu dituzte.

Ohitura bilakatu den Teresategiko oroitarrira mendi martxarekin hasi dute eguna, bi zutabetan abiatuta, Okendotik eta Zabaletatik. Omenaldi xumea egin eta plazara bueltan, talde argazkia atera dute 20 urte Argi eta Iñaki gogoan. Dispertsioa hiltzailea zioen pankarta atzean jarrita. Gero, txartela erosi dutenek elkarrekin bazkaldu dute Xirimirin prestatutako barrikotean.

Ohitura bilakatu diren jarduerei beste batzuk gehitu dizkiete aurten. 19:00etan zabaldu dute barra Okendo plazan eta ordu erdi geroago, ekitaldia gauzatu. Herriko plazara ekarri nahi izan dute oraingoan omenaldia, baina bazter batean egin behar izan dute. "Udalak ez digu batere lagundu beste behin ere, oztopoak besterik ez dizkigu jarri", zehaztu du Ioritz Iparragirrek. Hala ere, aurrera eraman dute omenaldia. Ez dituzte kontuan Balerdi eta Iturralde bakarrik izan, baita urtetan dispertsioaren ondorioz milaka kilometro egin behar izan dituztenei ere. 20 urteotako "borrokaren errepasoa" egin dute argazkien bidez, mobilizazio, protesta, jarduera eta bestelakoen irudiak musikarekin batera proiektatuta.

Ondoren, Leire Amianok idatzi bat irakurri du. Espainiar eta Frantziar estatuak "kartzelaz kartzela" ezagutu dituzte, 2016an 90.000 kilometro astebururo senide, kide eta lagunak bisitatzeko, urtean, 4,7 milioi. Dispertsio politikak 35 urtez luzatu den sakabanaketa ekarri zuen. Aipatu Estatuen "estrategia politikoa da dispertsioa, herri eta mugimendu oso baten kontrako estrategia politikoa" eta helburu argiak dituela zehaztu du: presoak deserriratzea, mugimendua desgastatzea eta presoez gain euren ingurua ere kondenatzea. Ondorio larrienak, hala ere, eragin dituen heriotzak izan dira. Haien izenak zerrendatu ditu Amianok plazan entzuten ari zirenen txalo artean. 

Bi hamarkada, asteartean
Lasarteoriatarrak Almeriako espetxera bidean izandako auto istripuan hil zirela hogei urte beteko dira datorren asteartean, hilak 28. Euren seme eta anai, hurrenez hurren, Juan Karlos Balerdi bisitatzera zihoazen gertatu zen ezbeharra. Bi heriotzez gain, Joxe Balerdi, Argiren senarra eta Iñaki eta Juan Karlosen aita, larriki zauritu zen.

Urteurren biribil honetan, "urtero bezala, baina are indartsuago" salatu eta oroitu nahi  izan dituzte bi herrikideak. "Oroitu nahi ditugu ez biktima pasibo bezala, oroitu nahi ditugu borrokan, elkartasunez, kilometroz kilometro isolamenduarekin hautsi zuten kide bezala. Oroitu nahi ditugu Kanarietara Salto del negrora bidean edo Almeriara bidean. Barruan borrokaldietan zebiltzala jakin gabe ea bisitarik egingo zuten. Mila kilometro baino gehiago eginda azkenean bost minutuko bisita egiteko. Oroitu nahi ditugu herriko pankarten atzean, presoen aldeko mobilizazioetan, herri baten askapen borrokan. Argi, Iñaki: Herrian zaituztegu", irakurri du Amianok.

Aitortza hitzak izan dituzte ere inguruan sortu den elkartasun sareari, presoen, senideen, lagun eta kideen sare politiko eta afektiboari,  maiz lan ikusezinak egin eta egiten dituztenei, bereziki, "ezinbesteko izan diren eta jarraitzen duten emakume guztiei". Dispertsioa eta bere ondorioak gogoratu izana norabidea eraikitzen jarraitzeko modua dela ohartarazi dute ere. "Memoria ez baita aterrizatzeko aingura, aurrera egiteko ezinbesteko arma, baizik". Hortaz, urtez urte gogoratzen jarraituko dute, "egunez egun borrokatzen jarraitzeko azken preso, iheslari eta deportatuak etxeratu arte. Denok aske izan arte. Argi, Iñaki: zuen indarrak argi egiten du gugan". 

Ekitaldia osatzeko, banatutako paperetan zeuden hitzak abestu dituzte, Martxa baten lehen notak doinuarekin. 

"Dispertsioa da kondena bat
mendekuzko diktaduran
erauzi ezin den geruza bat
minaren arkitekturan,
garrasi ito bat, zulo beltz bat, 
errore bat koiunturan
amesgaizto bat errepidean, 
abendu hotz-hotz bat udan...
Gogoan izan nahi zaituztegu
gure urteroko ohituran
kolektiboa den kantu hontan, 
bakoitzaren barne-gudan.
Baldin erortzen bagara inoiz
etsipenean, tristuran, 
zuen indarrak oraindik ere
argi egiten du gugan. 

Zer da Euskal Herri askea ta
zer da Lasarte-Oria?
Zer da oinpean nahiko gintuzkeen
estatu gorri-horia?
Nork irauten du oraindik zutik,
nor izan zen eroria?
Nork gordetzen du samina eta 
nork kantatzen du gloria?
Elkartasuna da guretzako 
eguneroko ogia.
belaunalditik belaunaldira
josten den soka lodia
Transmisioan indarra jarriz
harilkatuz historia,
zuen izenez, zuen izanez, 
osatzen da memoria".

Ildo beretik, musikarekin, bukatu dute eguna. Lehenik, Kinada taldearen abestiak entzun dituzte zabalgunean bildu diren herritarrek, jarraian, berriz, Fantasia DJaren emanaldia izan da. 

 

Erlazionatuak