Michelin kirol gunean izan zen beltzen bigarren taldearen neurketa. Etxeko taldeak hamazazpi jokalarirekin egin zion aurre aulkia betea zuen Gaztediri. Eta horrek baldintzatu zuen norgehiagoka.
Gogoz hasi ziren lehian bi taldeak. Lehen minutuan jarri zen aurretik talde bisitaria eta laugarrenean, Jokin Beloki kapitainak gauzatutako zigor kolpe baten eskutik aldea murriztu zuten etxekoek.
11. minutuan lortu zuen aurkariak bigarren entsegua. Egoitz Esnaolak zuzentzen duen taldeak erasoan jarraitu zuen indarrak berdintzeko asmoz eta hemezortzigarren minutuan, maul baten ostean, Beloki herritarrak entsegua eta gauzatzea eginez lortu zuen helburua.
Alabaina, esfortzuaren eragina sumatu zuten etxekoek eta nahiz eta beltzek aldaketak egin, Gaztedik bi entsegu eta gauzatze bat egin zituen atsedenaldira iritsi baino lehen berriro aldea irekiz.
Indarberrituta hasi zuten bigarren zatia etxekoek. Mikel Ibisate eta Oier Arroyo herritarrek aurkariaren entsegu marra igaro zuten eta Belokik gauzatzeak lortu zituen. Alabaina, gasteiztarrek ongi erantzun zuten bi entsegu eginez.
Gesalaga Okelan Zarautz Beltzakek ez zuen etsi eta markagailuan gerturatzea lortu zuen Gabi Gavilan eta Belokiren lanari esker.
Azken minutura arte ahaleginak egin zituzten beltzek. Ez ziren nahikoak izan, ordea. 31-41 amaitu zen neurketa.
Lehen zati ona
16 urtez azpiko taldeak, aldiz, Gasteizera egin zuen bidaia.
Beltzen taldea lehen zatian nagusi izan zen. Atsedenaldira 0-17 iritsi baziren ere, Gaztediko harrobiko taldeak itzulia eman zion partidari hurrengo 30 minutuetan. Zarauzko gazteek ez zuten entsegu marrara gerturatzerik izan eta 34-17 irabazi zuten etxekoek.
Igoera jokoan
Bestalde, L'Hospitalet de Llobregaten izan zuen neurketa Ohorezko B mailako taldeak eta mailaz igotzeko pauso garrantzitsua eman zuen. 10-39 irabazi zuten beltzek.
Fran Puertas herritarrak zuzentzen duen taldea nagusi izan zen bai erasoan baita defentsan ere eta ez zion aukera askorik eman kataluniarrei.
Taldera batu berri den Jon Ander Puertas herritarra bigarren zatian atera zen zelaira eta 80. minutuan entsegua egitea lortu zuen garaipenean bere harritxoa jarriz.
Horri esker, bost puntu gehitu ditu sailkapenean eta hiru jardunaldi jokatuta, lehen postuan da.