Herriko birziklatze tasa haztea helburu

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 22a, 15:25

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du herriko birziklatze tasa handitzeko xedez, hondakin organikoen edukiontziak bezala, errefusarenak ere txartel bidez erabiliko dituztela herritarren aurrerantzean. Etxez etxe banatuko dituzte bi edukiontzi horiek erabiltzea ahalbidetuko duten txartelak, eta baita material gehiago ere

Lasarte-Oriako Udalak herriko birziklatze tasa igotzeko ahaleginetan jarraitzen du. Hala adierazi dute Agustin Valdivia alkateak, Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateosek eta Ingurumeneko teknikari Itziar Gurrutxagak. Adierazpenok egin dituzte, herritarrek birziklapenari bultzada ematera aktibatzeko hondakinen gaineko dibulgazio kanpaina berriaz informatzeko prentsaurrekoan.

Iragarri dute, aurrerantzean, errefusaren edukiontziak, hondakin organikoenak bezala, txartel bidez erabili beharko dituztela lasarteoriatarrek. Horretarako, edukiontzi gris eta marroiak zabaldu ahal izateko txartel bakarra izango dute herritarrek, eta hori etxean jasoko dute. Datorren astelehenetik aurrera (hilaren 27) hasiko dira banaketa egiten, eta txartelaz gain, bestelako materiala ere jasoko dute. Honako hau zehazki: hondakin organikoak biltzeko hamar litroko edukiontzi marroia, zabor poltsa biodegradagarriak, eta birziklapen gida bat. Azken horiek hil honetan ez, martxo eta apirilean jasoko dituzte herritarrek. Gidatxoa lagungarri izango da hondakin bakoitza zein edukiontzira bota behar den jakiteko. 

Kanpainaren helburua, esan bezala, birziklapen tasa haztea da. 2022ko datuek erakutsi dute Lasarte-Oriari dagokion datu hori %45ekoa dela, eta 2025erako zifra hori %55etik gorakoa izatea nahi du udalak (hala izatea eskatzen du Europar Batasunak). Horretarako, zenbait neurri aplikatzeko beharra ikusi du, horien artean azken hau, eta baita hondakinen bilketako ordenantza berriaren onespena edota edukiontzi islak berriro diseinatzea.

Informazio puntuak ere bai

Kanpainaren barruan, eta lasarteoriatarrek ahalik eta informazio osoena jaso, eta dituzten zalantzak argitzeko, informazio gunea jarriko dute Elizatze plazan. Artelatz enpresako ingurumen hezitzaileek artatuko dituzte herritarrak gune horretan, eta udal ordezkariek azaldu dutenez, maiatzaren 31ra arte izango dute bertaratzeko aukera. Gune horretara joan ezin dutenek, berriz, 900- 84 04 66 telefono zenbakira dei dezakete, edo www.lasarte-oria.eus ataria kontsultatu. 

Informazio gune finkoaz gain, auzoz auzokoak ere egingo dituzte. Horien data eta ordutegiak zehaztu gabe dituzte oraindik, eta aurrerago jakinaraziko dituztela ohartarazi du udalak. 

Herritarren parte hartzea, ezinbestekoa

Lasarte-Oriako Udalak gaikako bilketan ezinbestean beharrezkoa den joera aldaketa sustatu nahi du lasarteoriatarrengan, birziklapen tasa handitzea lortu eta herri jasangarriago bat izateko urratsak eginez.