Txapelketari hasiera emateko Etxeberriak 50 m. libreetako saioa izan zuen hilaren 18an. Goizean sailkapen proban 28,06 egin zuen Lasarte-Oriako igerilariak; arratsaldeko B finalean, aldiz, 28,08 behar izan zituen.
Buruntzaldea IKTko prestatzaileek aditzera eman dutenez, "goizean gustura igeri egin ez bazuen ere, bere onenetik oso gertu ibili zen. Arratsaldean, aldiz, gusturago amaitu zuen proba". Gainera, sailkapeneko denborarekin taldeko 17 urteko errekor berria ezarri zuen gazteak.
Hurrengo egunean, aldiz, 100 m. libre proban egin zuen igerian. Kanporaketa saioan arazoak izan zituen: "Ez zuen esfortzua eta arnasketa modu egokian neurtu eta zailak egin zitzaizkion probako azken metroak". Hala ere, bere marka pertsonaletik gertu geratu zen, 01.01,08 eginez eta arratsaldeko B finalerako ere sailkatu zen. Goizeko jarduna hobetu zuen arratsaldean igerilari gazteak eta 01.01,01ean geratu zuen kronoa.
Euskadiko Selekzioa
Ez da Etxeberria selekzio batekin lehiatuko den bakarra izango. Hilaren 25ean eta 26ean, Iñaki Garciak eskolarteko mailako Erkidegoen Arteko Espainiako Txapelketan parte hartuko du Euskadiko selekzioarekin.