Alcorta, Alkain eta Almagro atleta gazteak Gipuzkoako txapelketako podiumera igo dira

Txintxarri Aldizkaria 2023ko otsailaren 16a

Ezkerretik eskuinea, Alex Alkain, Iraia Alcorta eta Oinatz Almagro, euren probetako podiumean. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Hilaren 11n, 18 eta 20 urtez azpiko Gipuzkoako txapelketa lehiatu zen Antonio Elortza belodromoan. Ostadar Atletismo taldeko 11 kide izan ziren lehian eta hiruk 18 urtez azpiko mailako podiumetan egotea lortu zuten

60 metroko proban izan ziren lehen biak, baina gehiago izatea ere bazuten; talde urdin beltzeko lau kirolari sailkatu ziren finaletarako.

Iraia Alcortak eraman zuen sari garaiena, urrezko domina. Sailkapenean 8,07 egin ostean, 7,97 denbora egin zuen finalean eta garaipena erdietsi zuen.

Alex Alkain, Unax Riezu eta Oinatz Almagro izan ziren beste finalean lehiatu ziren lasarteoriatarrak. Alkain izan zen hiruetan azkarrena, 7,23 eginik bigarren postua eskuratu zuen. Riezuk laugarren amaitu zuen proba, 7,45 markarekin eta Almagro zortzigarren izan zen, 7,72.

Ez zen abiadura probako finala Almagrok asteburuan jokatu zuen bakarra. Jauzi hirukoitzean (11,94 m.) eta luzera jauzian (5,66 m.) ere izan zen atleta gaztea. Bietan zilarrezko domina jantzi zuen Ostadarreko kideak.

Herriko atletismo saileko arduradunak pozik daude gazteek egindako lanarekin.

Beste txapelketak

Gainera, Iraia Alcortak eta Alex Alkainek egindako markek euren mailako Espainiako txapelketarako sailkapena eman ahal dietela aurreratu dute entrenatzaileek. Hitzordua martxoaren 11n eta 12an izango da Salamancan.

Bien bitartean, hilaren 18an, larunbatarekin, 18 zein 20 urtez azpiko atleta gazteek Euskadiko txapelketari aurre egingo.

Hilaren 17rik 19ra, aldiz, Absolutu mailako txapelketa jokatuko da Madrilen eta Naroa Furundarenak jauzi hirukoitzeko proban parte hartuko du. Lehiakideen artean, bigarren markarik onena du Ostadarreko kideak, 13,23 m. Horri esker, 23 urtez azpiko txapelketako urrea jantzi zuen herritarrak.

Bestalde, hilaren 12an, jaurtiketa luzeen Euskal Herriko txapelketa jokatu zen Durangon. Oihana Igarriz kidea disko jaurtiketa proban lehiatu zen eta laugarren postuan (32,77 m) sailkatu zen.