Hondarribiak bigarren postua eskuratu du Julian Enrikeren oroimenezko traineru jaitsieran

Txintxarri Aldizkaria 2023ko otsailaren 15a

Hondarribiako trainerua urtarrilaren 29an Portugaleteko proban lehian. Arg.: Hondarribia Arraun Elkartea

Julian Enrikeren oroimenezko XIV. traineru jaitsiera lehiatu zen hilaren 12an Sestaon, Bizkaian. 59 ontzi bildu ziren beterano, jubenil zein senior mailetan borrokatzeko eta herritarrak kide dituzten Hondarribia eta Hibaika eskifaiak ere bertan izan ziren.

Erlojupeko proba izan zen Nerbioi ibaiko uretan eta Intza Fernandez herritarra kide duen Hondarribia bigarren sailkatu zen.

Bederatzi eskifaia izan ziren emakumezkoen jaitsieran parte hartzen eta azken aurreko atera zen ibaira. Aurkarien denborak buruan guztien denbora ondu zuen helmugan, 15.31,95. Ostean Orio zetorren, ordea. Ziabogan mirotzek 30 segundoko aldea ireki zuten eta helmugara iristean ere ederki mantendu zuten. Ondorioz, Oriora joan zen bandera.

Gizonezkoen mailan, aldiz, lehiakide kopurua 29koa izan zen. Hibaika –  Gaizka Ormazabal  herritarraren ontzia – lehenetarikoa izan zen uretan. Helmugan 23.06,27 denbora egin eta 26. postuan sailkatu zen.