Buruntzaldea IKTko igerilariak bikain lehiatu dira hitzordu ezberdinetan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko otsailaren 15a

Alebin Ligako jardunaldian lehiatu ziren Buruntzaldea IKTko lau igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT

Buruntzaldea IKTko igerilariek  Bartzelonan zein Lasarte-Orian izan zituzten lehiaketak hilaren 11n eta guztiek ederki egin zieten aurre euren erronkei

Nahia Zudaire taldekide Bartzelonako Igeriketa egokitutako Nazioarteko sarian. Larunbatean, zein igandean lehiatzekoa bazen ere ondoezik aurkitzeagatik, Zudairek 11n bakarrik egin zuen igeri eta bere marka onenetatik gertu izan zen. Sariko sailkapen orokorrean  emakumezko mailan bosgarren izan zen.

Zubietako gazteak 400 m. eta 100 m. libre probetako sailkapena gainditu eta finaletan egin zuen igeri.

Estilo libreko 400 metroko saioan bai sailkapenean (5.13,78) baita finalean (5.09,20) ere lehen postuan sailkatu zen Zudaire.
100 metroko proban, aldiz, 1.12,42 markarekin laugarren izan zen sailkapenean eta B finalerako txartela lortu zuen.  Horretan bigarren (1.10,69) izan zen eta beraz, hamabigarren postuan sailkatu zen.

Lehen postuetan

Lasarte-Orian ere hitzordu bikoitza izan zen. Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan Alebin ligako eta Test/KZL Ligako jardunaldiak jokatu ziren.

Lehenean Buruntzaldea IKTko lau kide izan ziren parte hartzen. Gaztetxoek 400 m. libre eta 100 m. bizkar probei egin zizkieten aurre. Taldeko prestatzaileek azaldu dutenez, bereziki arreta jarri zuten proba ertainean: "Proba osoa dadin hauetako haurrentzat, distantzia ertain baten kontrola eta esfortzuaren kontrola biltzen ditu".

Ederki moldatu ziren bi saioetan Buruntzaldeako igerilariak; markak ondu eta lehen postuetan izan ziren. 

400 m. libre proban hiru mutilek podium postuak eskuratu zituzten. Iñaki Garcia izan zen lehena, bigarren postua Mario

Amantegik eskuratu zuen eta hirugarren amaitu zuen Oihan Matutek. Horrez gain, hirurek Euskal ekainean lehiatuko den Herriko udako Txapelketarako gutxienekoa lortu zuten. 

Itsaso Iparragirre, aldiz, laugarren sailkatu zen bere proban. Alabaina bizkar proban kendu zuen arantza; lehenengo postua eskuratu zuen.

Eta estilo libreko jardunaren antzera, bizkarrekoan ere Iñaki Garcia eta Mario Amantegi lehen eta bigarren izan ziren, hurrenez hurren. Oihan Matute laugarren izan zen.

Estiloak menderatzen

Taldeko txikiek ere lan ederra egin zuten euren ligako hirugarren jardunaldian. Axel Fuertes, Irai Ormazabal, Urko Azpiazu, Kerman Miguel, June Apeztegia, Amy Y. Sanchez, Aiala Erro, Aizpea Barcina, Aitor Ormazabal, Iker Garcia, Ander Martinez, Liher Albizu eta Oier Ormazabal gaztetxoek egin zuten igeri eta adinaren arabera proba ezberdinak burutu zituzten.

Benjaminen ligako jardunaldian parte hartu zuten igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

2013 eta 2014 urteetan jaiotako kirolariek bular estiloko 50 m. edo 100 m. probak lehiatu zituzten. Benjamin B mailakoek – 2012an jaiotakoek eta 2011 urteko mutilek–  50 m. libre eta 100 m. edo 200 m. bular probak egin zituzten. Horrez gain, errelebo saio bat ere izan zuten gaztetxoek, 4x50 m. tximeleta.

Entrenatzaileek adierazi dutenez, jardunaldi zaila izan zen igerilariek "normalean guztientzat ikasteko zailenak diren aldi bereko estiloetan egin behar izan zituztelako. Oraindik ere ikasten jarraitu behar duten arren, bikain aritu ziren denak".

Saioetan egindako lanari esker Iker Garciak eta Amy Y. Sanchez kideek Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketarako beharrezkoak diren bi gutxieneko marketako bat lortu zuten jardunaldian. 

Buruntzaldea IKTko prestatzaileek nabarmentzen dutenez, dagoeneko Aitor Ormazabal, Liher Albizu, Ander Martinez eta Oier Jauregi aipatu txapelketa jokatzeko sailkatu dira eta Aizpea Barcina, June Apeztegia eta Juren A. Matailo kideek gutxieneko marka bat dute. Igeriketako taldeko kideek martxoan eta maiatzean izango dituzte beharrezko markak eskuratzeko aukera berriak. Txapelketa maiatza amaieran jokatuko da.

Bi saioetako irudiak, Carmen Herrerok egindakoak, ikusgai jarri ditu Buruntzaldea IKTk honako loturetan: