Udalak 40.000 euro bideratuko ditu herrian enpresa txikiak eratzera

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 15a, 09:55

Dirulaguntza lerro bat prestatu du Lasarte-Oriako Udalak, gure herrian enpresa txikiak eratu nahi dituztenei laguntzeko: 40.000 euro bideratuko ditu horretara. Negozioek merkataritza, ostalaritza edo zerbitzu pertsonalen alorrekoak izan beharko dute. Eskaerak egiteko epea urriaren 31n bukatuko da, egun hori barne. 

Agustin Valdivia alkateak eta Sozioekonomia saileko buru Nuria Fernandezek xehetu dituzte laguntza horien nondik norakoak. Gogorarazi dute zazpi urte daramatzatela enpresa txikiak ireki nahi dituzten herritarrak laguntzen, tokiko merkataritza "sustatu eta indartzeko" asmoz. "Lehenengo deialdian 15.000 euro bideratu genituen, eta, aurten, 40.000 euro prestatu ditugu. Urteak joan, urteak etorri, diru kopurua doitu dugu, eskatzaileen beharrak zeintzuk izan diren ikusi eta gero", azaldu du Valdiviak. 

Ez dute uste gertatuko denik, baina bideratutako kopuru hori baino gutxiago banatuko balute aurten, jakinarazi dute onartutako proposamenen eskatzaileen artean banatuko luketela; gehien jota, jasoko luketen diruaren %20. Kontrara, 40.000 euro horiek motz geratuko balira ekintzaileen eskaerak asetzeko, partida igotzeko aukera aztertuko lukete, alkateak zehaztu duenez: "Aurrekontuetan dirulaguntza lerro hori gorde genuenean, kopurua handitu ahal izateko klausula bat ezarri genion".

Dirulaguntzaren lerroak

Sozioekonomia saileko buruak esplikatu ditu dirulaguntzaren lerroak zenbat eta nolakoak diren. Eskaerak egiteko azken eguna urriaren 31 izango da, egun hori barne. Sortu edo hartu nahi dituzten negozioek merkataritza, ostalaritza edota zerbitzu pertsonalen arlokoak izan beharko dute.

Lehen lerroan bost egoera hauek jaso dituzte:

  • Eragin komertzial handiko eremuan dauden establezimenduak. Gastuaren %60 lagunduko du diruz udalak: gehienez ere, 1.500 euro
  • Eragin komertzial handiko eremutik kanpo dauden komertzioak. Gastuaren %80 lagunduko du diruz udalak: gehienez ere, 1.800 euro. 
  • Erretiroa hartu duten jabeen negozioarekin jarraituko dutenak. Gastuaren %80 lagunduko du diruz udalak: gehienez ere, 1.800 euro.
  • Negozioaren jabeak aitortutako desgaitasunen bat badu. Gastuaren %80 lagunduko du diruz udalak: gehienez ere, 2.500 euro. 
  • Komertzioaren titularrak 55 urte edo gehiago baditu. Gastuaren %80 lagunduko du diruz udalak: gehienez ere, 2.500 euro.

Arestian aipatutako ekarpen horietakoren bat jasotzen duten eskatzaileek laguntza osagarri zenbait eskura ditzakete. Hauek dira: 

  • Emakume ekintzaile izateagatik, 500 euro.
  • 30 urte edo gutxiago izateagatik, 500 euro.
  • Langabezian luzaroan egoteagatik (urtebete edo gehiago), 500 euro.
  • 0 eta 12 urte bitarteko seme-alabak, familia harrerako erregimeneko adingabeak (16 urtera artekoak, %33ko desgaitasuna edo handiagoa badute) eta/edo dependentzia egoeran dauden senitartekoak haien kargura dituzten pertsonek, 500 euro. 

Hirugarren lerroaren helburua, berriz, ekintzailetza sustatzea dela azpimarratu dute udal ordezkariek:

  • Ekintzaile batek espazio berezi bat (coworking izenez ezagutzen dena, oro har) behar badu sortu edo hartu nahi duen negozioaren bideragarritasun plan bat egiteko, 600 euro jaso ditzake gehienez, sei hilabetez toki horretan lan egitearen gastuak estaltzeko.
  • Establezimendua ireki eta bertan lanean hasten bada coworking-a erabiltzen ari den bitartean, diru gehiago jaso ahalko du, asko jota, 1.200 euro. Hori bai, urtebetez uztartu ahalko ditu bi zereginak, ez luzaroago.

Euskaraz errotulatzea

Fernandezek adierazi du negozioen titularrek diru gehiago jaso dezaketela baldin eta euren komertzioak euskaraz errotulatzen badituzte. "Garatzen duten jarduera deskribatzen duen hitz bat izan behar du, gutxienez". Hori egiteko asmoa dutenek Sozioekonomia sailera jo behar dute; lor dezaketen finantzazioa zenbatekoa den azalduko diete han.

Iaz, hamabost onuradun

Dirulaguntza eskatzeko oinarrien gainean aritu eta gero, iazko datuak jarri dituzte mahai gainean: hamabost enpresa txiki izan ziren onuradun 2022an, eta 38.930 euro jaso zituzten: 

Negozioa Jasotako laguntza
Elia fisioterapia 1.522,78 euro
Riccio ile apaindegia 2.316,68 euro
Amira fruta denda 2.400 euro
El Punto taberna 2.400 euro
Ohara taberna 2.400 euro
Txindoki taberna 2.400 euro
Adinekoen egoitzako ile apaindegia 2.740,84 euro
Kemena Ogiberri kafetegia 2.760 euro
Herriko Etxea 2.760 euro
Idoia fisioterapia eta osteopatia 2.760 euro
Suria zentroa. Patricia 2.760 euro
Suria zentroa. Lara 3.000 euro
Jade belar denda 3.000 euro
7 Calas tailerra 3.000 euro
Liam fruta denda 3.000 euro