Elizako kanpaiek, besteak beste, mezarako ordua adierazten dute. Xirimirin kanpandorrerik ez denez, zintzarri batek egin du funtzio bera. Beltzez jantzita, lepagora zuela, Iban Urizar musikariak eragin dio, eliztiarrei hasteko unea zela iragartzeko. Atzetik, Uxue Alberdik jarraitu dio aldare bilakatutako gunera, Bernat Etxepareren Linguae vasconum primitiae liburuaren ale bat eskuetan zuela. Txoko batean musika tresnak, bestean, mikroa. Kantuan hasi da Urizar eta isiltzean, latinez egin du lehen errezoa. Serio, doinu solemnez hasi du Alberdik segida: "Paperjaleak, bibliofilo, liburutegi saguak, letraioak, literatoak eta letratuak, fikzioaren eskisitoak, ipuinzale estriktoak, jende kultoa, pupitreroa, burujantzia, erkide listoa, eskolatuak, leituak"... Liburuekin askotariko harremanak dituzten bekatariak zerrendatu ditu eta Urizarrek "dominus vobiscum" esanda agurtu ditu. Erritoaren gidariak "zutik" esanez, altxatzeko eskatu die bertaratutakoei, eta denek egin.
Latina menderatzen ez duen honek ez daki ondo zer abestu duen Urizarrek, baina ezagun egin zaizkion hitzengatik, badaki ez zela meza kantu ortodoxoegia; izatekotan, blasfemia edo gertukoa. "Amen" gehitu du Alberdik, eta denak aulkira bueltatu direnean, Agur Jesusen ama abesten hasi dira. "Aitor ditzagun gure bekatuak misterio santua ospatzeko gai izan gaitezen" hasi eta Faunari barkamena eskatu dio hainbat gauzarengatik: "erantsi ez ditugun eszena erotikoengatik, irakurri gabeko klasikoengatik, liburutegira itzuli gabeko liburuengatik, lagunei ebatsitakoengatik..." eta oro har, "lizunkeria ez beste bekatu nagusi guztiengatik".
Aleluia abestu eta erreguekin jarraitu du Alberdik. "Eta salba gaitzazu arren, Fauna, Amazonen erostetik, Twitterreko norgehiagoka falozentrikoetatik, zakurrei idazle gizonen abizenez –Kafka, Chomsky– eta katuei idazle emakumeen izenez –Colette, Gertrude, Charlotte– deitzetik". Horiek eta beste salbamendu batzuk aipatuta, tronpeta doinuek lagunduta abestu du musikariak, gidariak eskatuta, ikus-entzuleek elkarri bakea eman dioten bitartean. Kanta amaituta, esku berberekin, txalo zaparrada jo diote errituala aurrera eraman duen bikoteari.
Irakurle motak
Hogei bat minutuko liturgiaren ondoren, Labaka eta Martinen txanda heldu da. Ageriko konplizitatea eta irribarre ugari partekatu dituzte elkarrekin aritu diren ordu eta ia erdian. Agurren ondoren, esertzeko aukerarik gabe ekin diote saioari. Mutil lagunek irakurtzen ez dutelako kezkatuta dauden bi neska gazteren azalean jarri dira lehenik, eta irakurle talde bateko bi kiderenean ondoren. Azken hauek oso urduri jartzen dute elkar, modu erabat bestelakoan parte hartzen baitute. Martinek edo "gustatu zait" edo "ez nau harrapatu" besterik ez du esaten; Labakak, berriz, liburua goitik-behera azpimarratu, kritikak irakurri, pasarte esanguratsuak markatu...
Botatako bertsoen arteko bi:
Alaia Martin: |
Ane Labaka: Alaia, maite, zure buruan hor daukazun desfaseko txuri ta beltzak sarri jartzen nau zure ondoan trantzeko. Eskerrak, behintzat, taldean denak ez diren zure antzeko. Nik lan pixka bat egin behar dut, Uxue ez nekatzeko. |
Hurrengoan ama-alaba bilakatu ditu Alberdik, autobiografikoa den gai batekin: Gela txukundu eta liburuak armairu barruan sartu dituen alabaren eta haiek apalera bueltatzeko konbentzitu nahi duen amaren arteko tira-bira. Idazle baten alaba izatetik, erreinu bateko printzesa izatera pasatu da oiartzuarra bakarkako lehen ariketan. Itxura gordetzeaz nazkatuta, kortsea erantzi, eta balkoira atera da. Lehen bertso amaieran beherantz jauzi egiteko gogoaz aritu bada ere, ihesa hautatu du azkenekoan.
Zuzen edo zikin
Bekatuak garbitzeari buruz mezan esandakoa gogora ekarrita, bereak psikologoari aitortzen dizkion prestigio handiko idazle gizonezko bilakatu du Labaka. Oso noizean behin errudun sentitzen denean deitzen dio Martini, baina honek ez dio kargu hartzen, "iragazi" beharrean, "bozgorailu" baita. Lizunkeria ez dago barkatzeko erregututakoen artean, eta bide horretatik jo du Aberdik, egin beharrekoa zaila izango zela ohartarazita: Euskara garbienean eszena zikinena marraztea. Asmoa egingarria dela frogatzea bazen ere, zuzentasun linguistikoa oztopo izan zaie uneren batean: "Miazkatu zaidazu belarri gingila" eskatu dio Labakak Martini, baina honek "ulertu dut belarri, ulertu dut izter, miazkatuko dizut, baina ez dakit zer", erantzun dio.
Gauzatu gabeko hitz horien ondotik, lasarteoriatarrak Rosaliaren abesti batek zergatik hunkitzen duen azaldu du, saioaren azken txanpan sartuta. Idazle blokeatu bati deabru bihurri batek proposamena egin dio: loa Euskadi Sariaren truke; eta udalak kontratatutako bi poetak Lasarte-Oriaren arima, azala eta mamia jaso dute: Obrak, ibaiko usaina, hipodromoa, Tajamar biribilgunea... Barreak ia denek eragin dituzte, eta txaloak, Martinen azkenak: "Ahaztu ditzagun problemak, lasartearrak zarete monumenturik onena".
Puntutan saioa laburbildu aurretik, bi habanera egin dituzte jolas moduan. Lehenengoan, euskal emakumezko idazleen izen, abizen edo izen-abizen gehien nork esan ibili dira, eta bigarrenean, nazioartekoak. Ahalegindu dira, baina pottoki ahotsez egin dutenez, inor ez da kontatzeaz arduratu. Agurrean Labakak aurreko urteetan esandakoa berretsi du: "Lasarten udaberria gaurko egunez hasten da".
Nerea Ibarzabal, hurrengo gonbidatua
Bertsotan hasi aurretik, Maider Galardik hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie ekimenera bertaratutako guztiei, sukaldariei prestatutako jakiengatik (txalo zaparrada batekin erantzun dute bapo bazkaldu dutenek), Ttakun Kultur Elkartari eta Elektropottotteri, girotzeagatik. "Mimo handiz" atondutako jarduera dela esan du eta taldeak ilusio handiz antolatzen duela, ez gaurko saioa bakarrik, baizik hilabetero aurrera daramaten hitzordua. "Inoiz ez denez berandu, ni bederatzi urte eta gero apuntatu naiz, animatzen zaituztet zuek ere hitz ematera". Halaber, aurreratu du datorren saioan, otsailaren 21ean, Nerea Ibarzabalen Bar Gloriaz mintzatuko direla, idazlearekin berarekin.
2015ean egin zuen Irakurle Txokoak lehen bertso afari literarioa, ekimena herrian ezagunago egin eta diruz laguntzeko. Pandemia tarteko, 2021ean ez zuten aurrera eraman, eta iaz, moldatuta, otordurik gabe.