Mendebaldeko Saharari elkartasuna adieraztea adostu du udal korporazioak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 10a, 15:29
Mendebaldeko Saharari elkartasuna adierazi diote, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren 47. urteurrena beteko baita otsailaren 27an

Udal Korporazioak otsaileko bilkura egin du ostegun arratsaldean, hilak 9. Hiru puntuko gai ordena aurkeztu badu ere,  laugarren gai bat ere landu du. Azken horretan Mendebaldeko Saharari elkartasuna adierazi dio, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren 47. urteurrena beteko baita otsailaren 27an, eta, besteak beste, adostu du egun horretan herrialde horretako bandera eskegitzea udaletxeko balkoian eta Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak deitutako kontzentrazioan parte hartzea

Urtarrilaren 12ko batzarraren aktaren onarpena eginez hasi du saioa udalbatzak. Gaiak ez duenez inolako eztabaidarik eragin, zuzenean bozketa egin dute eta aho batez onartu. 

Oria-Gain eremuan babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko hitzarmena lau urtez luzatu ala ez eztabaidatu dute gero. ELOP Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdikide David Aresek hartu du hitza. Gogorarazi du, herriko eremu horretan izaera horretako etxebizitzak bultzatzeko akordioa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin 2019ko otsailean sinatu zuela udalak aipatu akordioa, eta ordutik hona, lau urte igaro ostean proiektua exekutatu gabe dagoela gaur-gaurkoz. Gaineratu du, proiektuaren bilakaera zein izaten ari den ikusita, lau urteko luzapenak ez duela ziurtatuko etxebizitza horiek eraikitzea. Hortaz, 2019an ez bezala (orduan, zalantzekin, baina babesa eman zioten), oraingoan desadostasuna agertu du bere alderdiak. "Alokairu soziala babestea eta herrian etxebizitzen gaiarekin duen arazoa gure lehentasuna diren arren, uste dugu ezin dugula hitzarmen hau babestu", azpimarratu du. 

Bozketa egin dute jarraian, eta horrek ahalbidetu du hitzarmenaren luzapenak aurrera egitea. Hau izan da emaitza: aldeko 11 bozka (PSE-EEren 8 eta EAJren 3), aurkako lau (EH Bildu) eta bi abstentzio (ELOP).

Bozka azalpena egiteko tartea zabaldu du Agustin Valdivia alkateak ostean, eta EAJko Jon Antxordokik hartu du hitza. Uste du udal gobernu taldeak akordioaren luzapena eskatzea hauteskundeei begira egindako eskaera bat dela. Nabarmendu du akordioaren funtsarekin (alokairu sozialeko etxebizitzak herritarren eskura jartzea) adostasuna agertu du, ez, ordea, proiektua gauzatu nahi den kokalekuarekin: "Oso isolatuak egongo dira eta pentsatzen dugu, inguru horretan auzo bat egin beharko litzatekeela, ez ehun  etxebizitza solte". 

EH Bilduk ere bozka azalpena egin du, eta nabarmendu, 2019an aurka agertzearen arrazoi berei eutsiz berretsi dutela orduko jarrera. EAJk bezala, eurek ere aurka egiteko arrazoi nagusia proiektuaren kokapena da; "Eremua isolatuta dago, edozein zerbitzutatik urrun. Horrez gain, dagoen altueran egonda, irisgarritsun arazoak ditu, eta edozein garraio  publikotik ere aparte. Horregatik uste dugu ghetto bat sortzeko arriskua duela". 

Galdera eta erreguen aurretik, mozio bat

Gai ordenan aurreikusitako hirugarren eta azken puntua landu aurretik, mozio bat lantzeko urgentzia bozkatu dute; aho batez onartu du korporazioak. Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren 47. urteurrena beteko da otsailaren 27an, eta herrialde horri elkartasuna azaltzeko adierazpen instituzionala adostea landu dute. Alderdi guztiak bat etorri dira mozioan proposatutakoarekin, eta aurrera egin du gaiak. Hori hala izanik, datorren hilaren 27an  herrialde horretako bandera eskegiko dute udaletxeko balkoian, eta Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak deitutako kontzentrazioarekin ere bat egingo du udalak; 19:30ean izango da, udaletxe aurrean. Aho batez onartu dute gaia. 

Galdera eta erreguen txanda izan da gero. ELOPek hiru galdera egin dizkio udal gobernu taldeari, eta EH bilduk ere luzatu du beste bat. Saioa amaitu aurretik, herritar batek ere hartu du hitza. 

Saioa honako estekan ikus daiteke osorik