Buruntzaldea IKTren igerilariak Gipuzkoako txapelketako lehen postuetan izan dira

Txintxarri Aldizkaria 2023ko otsailaren 8a

GIpuzkoako Txapelketan parte hartu zuten Buruntzaldea IKTren igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Hitzordu garrantzitsua izan zuten Buruntzaldea IKTren infantil, junior eta absolutuek hilaren 4an eta 5ean, Gipuzkoako txapelketa. Bergarako Agorrosin igerilekuan taldeko 12 kidek sailkapen orokorreko hirugarren postua, bost urre, zilar bat eta bi brontze eskuratu zituzten.  Junior nesken erreleboa ere podiumean izan zen. Era berean, markak ondu eta Espainiako Udako txapelketarako, zein Euskal Herriko Neguko txapelketarako gutxieneko berriak dituzte

Junior mailan lortu zituzten emaitzarik hoberenak Buruntzaldea IKTren kideek. Garazi Etxeberria, Iker Gorostegui, Saioa Elola eta Miren Sarobe podiumera igo ziren:

Urrea Zilarra Brontzea

• Garazi Etxeberria:

50 m. libre, junior zein absolutu mailan

100 m. libre, junior zein absolutu mailan

• Iker Gorostegui:

400 m. lau estilo, junior mailan

• Saioa Elola:

800 m. libre, junior mailan

• Garazi Etxeberria:

200 m. libre, junior mailan

• Miren Sarobe:

400 m. lau estilo, junior mailan

Etxeberriak, gainera, egindako hiru proba onenen FINA puntuak kontuan izanik, sailkapen orokorrean junior mailako hirugarren postua eskuratu zuen.

Markak eta gutxienekoak

Dominak ez ezik, marka pertsonal berriak eta txapelketetarako sailkapenak erdietsi zituzten. Guztira 23 marka ondu zituzten igeriketa taldearen kideek.
Garazi Etxeberriak Espainiako Neguko txapelketako markak buruan bazituen ere, podiumaren gorenean egon zen probetan ehuneko gutxitara geratu zen. Hala ere, udako hitzordurako txartel berri bat lortu zuen, 100 m. libre saioan. 

Iker Gorostegui eta Miren Sarobek Euskal Herriko Txapelketarako gutxieneko berriak egin zituzten. Gorosteguik hiru gehitu ditu bere zerrendara (50 m. eta 100 m. libreak eta 400 m. lau estilo); Sarobek, aldiz, bakarra (400 m. lau estilo).

Horiez gain, lau infantil Gipuzkoako Udako Txapelketarako sailkatu dira: Irati Etxeberria (100 m. lau estilo),  Mayi Gorostegui (100 m. eta 200 m. libre), Amaiur Iparragirre (100 m. eta 200 m. libre) eta Nora Miguelez (100 m. eta 400 m. lau estilo).

Erreleboa ere podiumean

Buruntzaldea IKTren igerilariek errelebo probetan ere parte hartu zuten. Junior mailako neskek (Garazi Etxeberria, Saioa Elola, June Lopez eta Miren Sarobe) 4x100 m. libreko errelebo  zirraragarria lehiatu zuten. Azken momentura arte borrokan egon ziren Buruntzaldea eta Bidasoa XXI taldeen laukoak; azkenean, bigarren izan ziren. 

Bestetik, 4x50 m. libreko errelebo mistoak (Garazi Etxeberria, Miren Sarobe, Unai Somovilla eta Iker Gorostegui) 1.49,08 denborarekin laugarren postua eskuratu zuen. 

Gipuzkoa Saria 

Bestalde, gutxienekorik ez zuten igerilariek Gipuzkoako Neguko XIII. Sarian bildu ziren Andoaingo Allurralde kiroldegian. Gipuzkoa osoko 140 igerilarik parte hartu zuten eta Buruntzaldea IKTk ordezkari bakarra izan zuen, Ane Meyer. 

Meyerrek bular eta estilo libreko 100 m. probak lehiatu zituen. Lehenean kanporatua izan bazen ere, estilo libreko saioan 1.22,84 egin zuen, bere marka pertsonala berdinduz.