Lau garbigune txiki jarri ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko otsailaren 9a

Basaundi eta Zabaleta auzoetan, Ola kalean eta Hipodromo etorbidean jarri ditu. Horietan pilak, CDak, tinta tonerrak, bonbillak, tresna elektronikoen bateriak eta sakelako telefonoak utzi ditzakete herritarrek

Agustin Valdivia alkateak eta Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateosek jakinarazi dute zenbait garbigune jarri dituela udalak gaikako bilketa hobetzeko asmoz. 

Horien kokalekuak estrategikoki erabaki dituzte; hondakinak biltzeko edukiontzi islen ondoan jarri baititu. Zehazki, hauek dira kokaleku zehatzak: Basaundi auzoa, tenis pistaren ondoan; Zabaletan, frontoiaren atzean; Ola kalean, Once-ko kioskotik hurbil, eta Hipodromo etorbidean, taxien geraleku parean.

Udal ordezkariek aipatu dute neurri sorta bat abiatu dutela udalerriko birziklatze tasa handitzeko helburuarekin, hala nola lurpeko kontainerren kentzea, zabor edukiontzi isla osoen distribuzioa aldatzea, errefusaren txartel bidezko kontainerrak hornitzea, kontzientziatzeko kanpaina egitea, etab. Horien artean azken hau: garbigune txikiak jartzea. 

Neurri multzo zabal horren barruan, udaleko aurrekontuetan partida bat onetsi zen garbigune txikiak erosteko, eta herritarrek bertan era askotako elementuak utzi ahal izango dituzte. Honako elementu hauek sailkatu ditzakete horietan: CDak, DVDak, tapoiak, pilak, bonbillak, sakelako telefonoak eta horien kargagailuak, etab. Blipvert Recologics enpresari adjudikatu zaio lau garbigune txikien hornidura, 12.463 euroren truke. Horietako bakoitzak zazpi zulo ditu, bertan utz daitekeen elementu bakoitzaren irudi batekin bereizita.

Udal ordezkariek azaldu dute hondakinak birziklatzeko eta kontzientziatzeko sistema dual bat dela, hiriko hondakin solido txikiak gaika biltzea ahalbidetzen duelako eta, aldi berean, udalari kanpaina munizipalak egiteko aukera ematen diolako.