LOKEren tenis jokalariak Eskolarteko txapelketako lehen postuetan sailkatu dira

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 7a, 13:30
LOKEren Fernandorena, Urdampilleta eta Delgado (ezkerretik eskuinera), lortutako sariekin. Arg.: LOKE Tenis.

Lasarte-Oria Kirol Elkartearen (LOKE) tenis saileko kideek bakarkako Eskolarteko txapelketa amaitu dute. Alebin, infantil eta kadete mailetan banatuta, hamazazpi gaztetxok parte hartu dute azken hilabeteetan lehiaketan. Azkenik, bost izan dira azken asteburuetan bai txapelketa nagusian, baita kontsolazioan ere finalera iritsi eta lehen postuetan sailkatu diren herritar gazteak

Gabriele Fernandorena Yurritak iazko garaipena berritu du baina maila berrian. 2022an alebin mailako txapeldun izan zen eta oraingoan infantil mailan igo da podiumera.  

Siria Delgado Negueruela alebinak eta Unax Urdampilleta Murugarren kadeteak aldiz euren mailako bigarren postua erdietsi dute finala lehiatu ostean.

Kontsolazio lehiaketako finaletan ere izan dira LOKEren ordezkariak. Naroa Perurena Lobo eta Pau Olano Boixados alebin mailako borrokan izan ziren eta biak gailendu ziren euren aurkariei.

LOKEren prestatzaile Mari Asun Yurritak taldeko jokalari guztiak zoriondu nahi ditu egindako lanarengatik.