Aurtengo sanpedroei forma emateko prozesuan parte hartzeko azken egunak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 7a, 09:00
Motxila 21 taldeak iazko sanpedroetan kontzertua eman zuen, Okendo plazan.

Ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko ditugun San Pedro Jaiak prestatzeko parte hartze prozesu bat martxan duela gogorarazi du Lasarte-Oriako Udalak. Ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek igandera arte izango dute horretarako. Hiru multzotan banatu dituzte proposamenak: euskal musika taldeak; musika talde nazionalak; eta musikarekin zerikusia ez duten gainerako jarduerak, hala nola antzerkiak edo jokoak. 

Proposamenak egiteko bi bide izango dituzte herritarrek. Batetik, astelehenetik aurrera etxeko postontzian jasoko duten eskuorrien bidez. Horiek bete eta parte hartze postontzietan utzita; kiroldegian, udaletxean, kultur etxean, Emakumeen Zentro Zibikoan eta Gaztelekuan daude bana.

Behin prozesu hori amaitutakoan, festak iragartzeko afixaren lehiaketari, eta txupina jaurtiko duen omendua aukeratzeko prozesuak abiatuko dituela ere jakinarazi du.