Naroa Furundarena 23 urtez azpiko Espainiako txapeldun da

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 7a, 11:00
Naroa Furundarena (erdian), jauzi hirukoitzeko podiumean. Arg.: Ostadar Atletismoa

Ostadar SKTko Naroa Furundarena atletak Antequera, Malagan lehiatu den 23 urtez azpiko Espainiako txapelketan parte hartu du. Bi probatetako finaletan izan da herritarra: luzera jauzian eta jauzi hirukoitzean. Azken horretan jantzi du urrezko domina.

Jauzi hirukoitzeko finala zirraragarria izan zen Ostadarreko Furundarenarentzat. Lehen jauzian lortu zuen saioko buru jartzea 12,80 metroko jauziarekin. Hirugarren saiaketan postua galduko zuen, ordea; Alcampo Scorpio 71 taldeko Maria Gonzalezek 5 zentimetro gehiago egon zituen.

Horrek zortziko finalean azken aurreko postuan jauzi egitea eragin zuen. Furundarena lehen postua eskuratzeko arriskatu zen eta hurrengo bi saiakeretan baliogabeko jauziak egin zituen. Gonzalezek ere ez zuen bere marka hobetzerik izan. 

Azken aukeran bere onena eman eta 13 metroko langa igaro zuen herritarrak. 13,23 metroetara iritsi zen Furundarena; bere marka pertsonala metro erdi bat ondu eta Gipuzkoako hirugarren markarik onena egin zituen atleta gazteak.

Gonzalezek ezin izan zuen gainditu eta urrezko domina jantzi zuen Lasarte-Oriako atleta gazteak.

Luzera jauzian, aldiz, bosgarren postuan sailkatu zen Ostadarreko atleta, 5,87 metroko markarekin.

Ostadarreko arduradun Oscar Goikoetxea pozarren dago herriko atletak egindako lanarekin.  Gainera, prestatzaileak nabarmendu duenez, 23 urtez azpiko Europako txapelketarako gutxienekotik zazpi zentimetrora geratu da herritarra.

Proba librea 

Bestalde, Ostadar atletismo saileko Alaia Ramos, Nora Manzanal, Duñike Muñoz eta Iraia Alkorta kideek proba libreetako E saioari egin zioten aurre Antonio Elortza belodromoan, hilaren 4an. 

Ramosek (9,52 m.) eta Manzanalek (7,62 m.) pisu jaurtiketan parte hartu zuten; Muñozek (29.99) eta Alkortak (28.24), aldiz, 200 m. lasterketan. Ramos izan zen bera marka ontzen bakarra.