Datorren urteko Emakumeen Nazioarteko Eguna ilustratzeko lehiaketa, martxan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 7a, 10:27

Lasarte-Oriako Udalak kartel lehiaketa bat antolatu du datorren urteko Martxoaren 8a iragartzeko. Partaideek hilaren 28a baino lehen entregatu beharko dituzte lanak, formatu digitalean (emakumezentroa@lasarte-oria.eus helbide elektronikora bidalita) nahiz fisikoan (Emakumeen Zentrora eramanda, astegunetan, 09:00etatik 17:00etara). 12 eta 17 urte arteko herritarrek parte har dezakete. Antolatzaileek hiru lan sarituko dituzte.

Lehiaketan parte hartzen duten gazteek nahi adina lan egin eta aurkeztu ahalko dituzte; jatorrizkoak izan beharko dute afixek, inon aurkeztu eta saritu gabeak. Guztien izenburua, bai ala bai, honako hau izango da: Martxoak 8 de Marzo, Emakumeen Nazioarteko Eguna, Día Internacional de las Mujeres. Oinarri zehatzak dokumentu honetan jaso ditu udalak.

Epea eta bozketa

Arestian esan bezala, kartelak aurkezteko azken eguna hilaren 28a izango da, asteartea. Hiru onenak aukeratzeko prozesua hurrengo egunean hasiko da, martxoaren 1ean, 8ra arte. Emakumearen Zentroan ikusgai jarriko dituzte lan guztiak, herritarrak bertara joan eta iritzia eman dezaten. Balorazio horiek aintzat hartuko dituzte bigarren eta hirugarren sariak emateko. Aurrenekoa nork irabaziko duen, berriz, epaimahai batek deliberatuko du eta bere erabakia "apelaezina" izango da, udalak azpimarratu duenez.

Irabazleak 120 euro jasoko ditu; bigarrenak, 90 euro; eta hirugarrenak, azkenik, 60 euro.