ESKUALDEA

Entzute metodologiari buruzko formakuntza saio bat egingo du Beterri Saretuz-ek asteazkenean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 6a, 15:30
Argazkia: Beterri Saretuz.

Beterri-Buruntzako ekonomia eraldaldatzailearen sareak, Beterri Saretuz izenekoak, formakuntza saio bat antolatu du asteazken honetarako Iturola elkarlan sorgunean, Hernanin, 11:00etatik 13:00etara. Izena eman nahi dutenek formulario bat bete beharko dute.

"Hartzen al dugu tarterik gure inguruari entzuteko?" galdera abiapuntu hartuta, Beterri Saretuz egitasmoko kideek entzute metodologiari buruzko formakuntza saio bat prestatu dute. Emun kooperatibako kide Olatz Irizarrek gidatuko du ekimena. "Debagoienan eta Goierrin eskualde mailako entzute prozesuetan eskarmentua du; saio horietatik ateratako datuak nola prozesatu azalduko du, besteak beste". 

Hiru formakuntza

Entzute metodologiari buruzkoaz gain beste bi formakuntza saio aurrera eramango ditu Beterri Saretuzek: hilaren 22an berdintasun planak aztertuko dituzte eta martxoaren 29an ingurumenak enpresen iraunkortasunean izan beharko lukeen garrantziaz jardungo dira.