Eztarriz sano dabiltza eta kantatu dute gogoz

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 4a, 20:53

Sasoeta ikastetxeko haurrek atzo hasitako bideari jarraituz, Santa eskean aritu dira herriko zenbait eragile. Santa Agerda bezpera ospatu dute Zabaletako bizilagunek auzoan; erdialdean,  berriz, Erketz Dantza Taldeko kideek eta Xumela korukoek, txistulariek lagunduta. Makilei indartsu eragin diete eta ahotsak ez die hutsik egin. 

Zabaletako bizilagunak izan dira makila astintzera atera diren lehenak. Baserritar jantzi dotoreak soinean, 11:00etan elkartu dira auzoko plazan, eta zabalgunearen erdian abestu dituzten lehen kantak. Ondoren, makilak eta kantutegia eskuetan, auzoan barrena ibili dira, baserrietara abiatu aurretik. Joseba Tapia eta Iratxe Zelaia trikitilarien musikak lagundu die bidean.

Arratsaldean, hitzordua bikotza izan da. Erketzeko lagunek Santxo tabernan abestu dituzte lehen doinuak, eta hortik, Okendora bidea hartu dute. Geltoki kaleko errepidean beste geldialdi bat egin  ondoren, Zumaburura abiatu dira, trikitixa eta pandero doinuek lagunduta. Tabernaz taberna eta kalez kale egin dute beraien saioa.

Ordubete geroago, Sagardotegi kalean, Jalgi Kafe Antzokiaren atarietako batean batzen joan dira txistulariak eta Xumelako lagunak. 18:00etan abesteari ekin, eta handik, azkar joan dira Brigitarren komentura, zain baitzituzten mojak. Makil luzeak eskuetan, zapi gorriak lepoan, agertu dira haietako zortzi. Errepertorio osoa eskaini diete koruko kideek, unean asmatutako kopla eta guzti. Bi urteko etenaren ondoren, pozik elkar ikusi dute bi aldeek, eta aurrekoetan bezala, irrintziak egitera animatu dute mojetako bat. Besarkada, barre eta esker hitzekin agurtu dira, santa eskean jarraitzeko. Bi orduz ibili dira erdialdeko kale eta tabernetako giroa alaitzen, Okendon bukatu aurretik

Kantu eta makil kolpeka, nahikoa oles egin diote lurrari, esnatu, eta udaberria laster ekar dezan.